Erreportajeak -
Eitb.com-en erreportajea
Nahasmendu bipolarra, orekaren bila
Gaixotasun honek munduko biztanleen % 2ri eragiten dio. Espainian, ia-ia herritarren % 5ek pairatzen dute eta erdiak diagnostikatu barik daude oraindik, medikuek depresioarekin nahasten baitute.
Amaia Akordagoitia
Nahasmendu bipolarra gogo-aldartearen desordena bat da. Nahasmendu bipolar mota ugari daude eta izaten diren zeinu depresiboen edo maniakoen arabera desberdintzen dira. "Nerabezaroan edo lehen gaztaroan sortzen den gaixotasuna da eta bere bereizgarritasuna depresio, normaltasun, euforia, insomnio eta hiperaktibitate (mania) faseak tartekatzen dituela da. Askotan, delirioak edo aluzinazioak bezalako sintoma psikotikoak izan daitezke", azaldu du Ana Gonzalez Pinto Gasteizko Santiagoko Ospitaleko mediku espezialistak. Gainera, medikuak Avaspabi paziente bipolarren euskal elkarteak gaur arratsaldean, 19:30ean, Gasteizko Luis de Ajuria aretoan antolatu duen hitzaldia eskainiko du.
"Mota hauetako arazoak sortzen dituzten zergatien inguruan eztabaida dago komunitate zientifikoan, baina, orokorrean, nahasmendu bipolarra eragiten duten hiru faktore aipatzen dira: aldez aurretiko jarrera genetikoa, beste eragile estresagarri batzuk eta substantzia toxikoak hartzea", argitu du Luis De la Herran Bilboko Delta Psikologia Zentroko zuzendariak.
Diagnostiko goiztiarra garrantzitsua da. Izan ere, gaixotasun kronikoa izan arren, umorea egonkortzeko eta bizitza normal bat egin ahal izateko tratamendu farmakologikoa jaso dezake gaixoak.
Horrez gain, tratamendu psikologikoek gaitzaren eboluzioa eta aurrikuspena hobetzen dute. "Gaixotasun garatu denean diagnostikatzeko erraza da. Bestela, askotan, depresioarekin nahasten da", azaldu du Gonzalezek.
Gaixotasun honek munduko biztanleriaren % 2 kaltetzen du. Espainian, ia % 5ak pairatzen dute eta horien erdiari ez diote nahasmendua diagnostikatu. Izan ere, batzuetan depresioarekin nahasi egiten dute. "Gizonezkoengan eta emakumezkoengan eragin bera du. Hala ere, emakumezkoek zeinu depresibo gehiago izaten dituzte eta gizonezkoek, berriz, maniakoak", azaldu du psikologoak.
Eguneroko zailtasunak
"Batzuetan, neurrigabeko euforiak edo bulkaden kontrol ezak pertsonek jarrera sozial desegokiak izatea edo proiektu hutsaletan neurrigabeko diru kopuruak gastatzea eragin dezake. Beste batzuetan, depresio larria duen pertsona batek bere buruaz beste egin dezake", argitu du psicologoak.
Estatistikako Institutu Nazionalak heriotza-tasari buruz egin duen azken inkestaren arabera, buru-nahasteek eragindako heriotzek % 4,6 gora egin dute eta 12.879ra iritsi dira. Talde horren baitan, dementzien kasua deigarria da, izan ere, 11.973 heriotzen arduraduna da (% 68,2 emakumeak izan ziren). Horrela, 2007ko emaitzen antzera, 2008an 3.421 pertsonek egin zuten bere buruaz beste eta heriotza arrazoi nagusia izan zen.
Aurrerapenak
"Une honetan lau programa terapeutiko desberdin ditugu Santiagoko Ospitalean. Horrela, tratamendu farmakologiko intentsibo eta banan-banakoaz gain, lehen sintomak izan dituztenei eta gaixotasuna aspalditik pairatzen dutenei ere psikoedukazioa eskaintzen diegu. Horrez gain, oroimen edo arreta arazoak dituztenentzat erreabilitazio kognitiboa eta familiarentzat terapia ere antolatzen dugu. Programa guztiak, farmakologikoa izan ezik, inbestigazio alorrean egiten ditugu. Gainera, pazientearen osasun fisikoaren jarraipena ere egiten dugu", azaldu du medikuak.
Gaur egun, espezialistak azaldu duenez, "depresio bipolarrari aurre egiteko tratamendu berriak ikertzen ari dira. Gaur egun, intentsiboa eta banan-banakoa den tratamendu farmakologikoa eta fase depresiboei aurre egiteko beste bi tratamendu lortu ditugu". Izan ere, urtetan maniari aurre egiteko sendagai eraginkorrak depresiboei aurre egitekoak baino ugariagoak izan dira. Orain, "hainbat antipsikotiko berri atera dituzte eta fase maniakoetan erabiliko dira. Gainera, paziente bakoitzak sendagai desberdinekin lortzen duena aztertzeko esfortzu handia egiten ari dira", gaineratu du. Medikuak uste du ezinbestekoa dela "aukera desberdinak izatea, izan ere, sendagaiek erreakzio desberdinak eragiten dituzte pazienteetan".
Bizipenak
Kontxi Del Arcok nahasmendu bipolarra du. Medikuek duela hogei urte diagnostikatu zioten gaixotasuna. "Ezegonkortasun garai baten ostean, agerraldi psikotiko bat izan nuen eta, ondoren, hainbat krisi maniako eta depresibo izan nituen", azaldu du. Del Arcok gogoratu du hasiera batean, berak eta baita bere sendiak ere "nahasmena eta mina" bizi izan zituztela. Horrez gain, pazienteak "gaixotasuna onartzeko informazioa bilatu behar" dela uste du.
2004tik Paziente Bipolarren Euskal Elkartea (Avaspabi) alor horretan laguntzen saiatzen da. Avaspabiren helburua informazioa erraztea eta kaltetuak laguntzea da, batez ere gaixotasunak lehen urratsak eman dituen kasuetan.