Erreportajeak -

Eitb.com-en erreportajea

Borondatezko lankidetasuna, oporrak aprobetxatzeko bete modu bat

AIPC Pandora erakundeak udaldia borondatezko lankidetasunean ematen duten boluntarioentzat proiektuak antolatzen ditu. Horrela, herrialderik txiroenetan lan egitera joatea erabakitzen dute batzuk.

Amaia Akordagoitia

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Udako oporrak betetzeko irtenbide asko daude. Batzuk egun libre horiek herrialde behartsuenei laguntzeko aprobetxatzen dituzte. Ekimen horien artean da, bestek beste, AIPC Pandora Gobernuz Kanpoko Erakundeak, boluntario taldeen bitartez, martxan jartzen dituen proiektuak.

AIPC Pandora herritar aktiboak sustatzeko lan egiten duen irabazi-asmorik gabeko elkarte bat da. Horretarako, partehartze soziala edo garapenerako hezkuntza bezalako solidaritate ereduak erabiltzen ditu. "Boluntarioen ekimen nazionalak eta nazioartekoak, borondatezko lankidetasuneko mikroproiektuak eta gizarte eta kultura prestakuntza ere sustatzen ditugu", azaldu du Ana Eseverri AIPC Pandorako proiektu zuzendariak.

Alor desberdinetako parte hartze sozialaren bitartez eta herritarrak euren artean ezagutzea eta herrialde txiroen aldeko ekimenetan parte hartzea lortzeko, AIPC Pandoraren proposamenetako bat boluntarioak beste herrialde batzuetara bidaiatzea da. Ekimen horietako bat lehen aldiz egingo dute aurten. Tanzaniako Gurutze Gorriarekin Pandorak bertan garatuko duen proiektua da, hain zuzen ere.

Albinoak, mehatxuzko bizi bat

Albinoak fetitxismoak eta sineskeriak sustatutako kontrabando makabro baten biktima dira Tanzanian. Azken urteetan, albino mordoaren hilketa salatu dute. Ondoren, gainera, gorpuaren zati desberdinak saltzen dituzte. Kasu askotan, sendiak eta komunitateak uko egiten diete. Boluntarioek errealitate horri aurre egin beharko diote.

Hamar izango dira Kabanga izeneko lehen hezkuntza zentrora joango diren boluntarioak. Horien artean, Nafarroako bi eta Euskadiko beste bat izango dira. "Lehen hezkuntzako 659 ikasle eta behar bereziak dituzten beste 147 biltzen ditu zentroak. Azken horien artean 53 albinoak eta 44 itsuak dira, 22k minusbaliotasun fisikoak dituzte, 15 gorrak dira eta beste 13k buruko gaixotasunak dituzte", argitu du erakundeak. Zentroan 34 irakaslek lan egiten duten arren, lau bakarrik aritzen dira behar bereziak dituzten ikasleekin.

"Gure lana errefuxiatuak motibatzea izango da", azaldu du Carmen Muñozek, datorren abuztuaren 1ean AIPC Pandoraren proiektu honekin Tanzaniara joango den Euskadiko kooperanteak. Esperientzia ikaragarria da Muñozentzat eta, bere taldekideekin batera, "gauza asko egin nahi" dituela esan du.

21 egun eta ilusio asko

21 eguneko abentura solidario honetan "informatika gelarako eguzki-panel bat eta itsuentzako berezia den Jaws softwarea duten bost ordenagailu" jarriko dituzte kanpamentuan. Gainera, "brailezko bi inpresora" eta "josteko bi makina" ere eramango dituzte "joskintza tailer bat egiteko".

Horrez gain, ardura berezia behar duten ikasleekin aritzen diren lau irakasleei laguntzeko xedea ere izango dute. "Nire kasuan, adibidez, ingelesezko oinarrizko mailako irakaskuntzan lagunduko dut", azaldu du Muñozek.

Lehen aldiz garatuko da proiketu hau eta horrek bereziki pozten ditu ekimenean parte hartu dutenak. "Proiektua hasieratik martxan jartzea oso polita izan da. Hala ere, oraindik ez dakigu zer egiteko aukera izango dugun", esan du Muñozek. Boluntarioek prestakuntza ikastaro batean parte hartu dute kanpamentuan jarriko dituzten informatika kontuak eta, orokorrean, egoerari aurre egiteko jarrerak ikasteko.

Zentzu horretan, Muñozek esperientziari buruz argitu dietena komentatu du: "Argi izan behar duguna boluntarioak behar pertsonal bat duela da". Horrez gain, horrelako esperientzatan parte hartzen dutenek fase desberdinak bizitzen dituztela azaldu diete aipatutako ikastaro horretan: "Lehenik, poza sentitzen da. Iritsi eta gauza asko egiteko gogoa izango dugula esan digute. Ondoren, frustrazioa iritsiko da, izan ere, gure asmo horietako asko ezin direla egin ikusiko dugu, batik bat bertokoek bizitzeko beste era bat dutelako. Hala ere, horri aurre egin, eta integrazioaren fasea biziko dugu, bertokoak bihurtuko gara. Azkenean, agur esateko garaian, tristura etorriko da".

Hala eta guztiz ere, lehen boluntario talde honek proiektua martxan jarriko duen arren, datozen urteetan beste boluntario batzuek ekimena garatzen jarraitzea espero du. Oporrak aprobetxatzeko aukera bat da eta, batez ere, bidaiatzeko era desberdin bat. Balantzea itzultzean egingo dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea