Erreportajeak -
eitb.com-en erreportajea
Twilight edo Lady Gaga, Internet bidez lagunak egiteko erabilgarri
Interneti eta sare sozialei esker, Lady Gagaren euskal jarraitzaile batek eta Australiako beste batek elkar ezagut dezakete. Sarean, zaletasun berdinak dituzten adiskide birtualak egiteko aukera dugu.
Amaia Akordagoitia
Artistarik ospetsuenak Marilyn Monroe, Greta Garbo, Marlon Brando, Frank Sinatra eta Agatha Christie zirenean, izar horien lanak entzuteko edo ikusteko, jarraitzaileek irratia piztu edo auzoko zinema aretora joan behar izaten zuten. Orain, Internetek jarraitzaile talde handiei ateak ireki dizkie, eta zaleek Sarea elkarrekin komunikatzeko erabiltzen dute. Joera horrekin, jarraitzaileek onurak lortu dituzte, baina artistentzat ere onuragarria izan da, publizitatea dohain egiteko modua aurkitu baitute.
Azken urteetan, sare sozialek Interneten komunikatzeko aukeren eskaintza zabaldu dute. Plataforma horiek gai baten inguruan taldea sortzeko aukera handia ematen dute. Indar hori erabili dute, hain zuzen ere, musikarien eta beste artista askoren zaleek. Facebook, Twitter eta Blogosfera jarraitzaile horiek biltzeko eta artistak ospetsu egiteko erabil daitezke orain.
Erabilgarritasun horren eredu da Lady Gaga, adibidez. Zalantzarik gabe, artista nabarmenak mundu osoan ezaguna izatea merezi du, baina bere jarraitzaileek Interneten sortu dituzten ekimenek Lady Gaga Facebooken lagun gehien dituen artista izatea eta "Bad Romance" kantuaren bideoak YouTuben mila milioi bisita baino gehiago izatea eragin dute.
"Internet horrelako gauzetarako ezinbestekoa da. Informazioa azkarrago eskuratzeko eta segundo batzuetan informazio hori zure lagunekin partekatzeko balio du. Gainera, zure interesak dituzten beste pertsona batzuk ezagutzeko aukera duzu eta hori zoragarria da", esan du Alba Sanchez Lady Gagaren jarraitzaileak eta ladygaga-online.com webgunearen erabiltzaileak.
Gaztetatik Internet kontsumitu duzunean, gaur egun Sarean garatzen ari diren joera batzuk ulertzea ez da zaila. Erabiltzaile gazte horiek Stephenie Meyerrek idatzitako Twilight liburu sortan "harrapatzen zaituen unibertso bat" aurkitu dute, jarraitzaileek adierazi dutenez. "Twilight saga XXI. mendeko neskek disfrutatu nahi dugun amodioaren sinboloa da", esan du Aurora Gonzalezek.
Edward Cullen eta Bella Swan pertsonaien arteko amodio istorioaren jarraitzaileetako asko crepusculo-es.com webgunean biltzen dira. Atarian dagoeneko 87.169 lagun aritzen dira.
"Internetek ekitaldietan biltzeko eta berrikuntzak ezagutzeko balio digu. Beste bide batetik egin beharko bagenu, askoz ere motelagoa izango litzateke eta, beharbada, baita garestiagoa ere", Jennifer Garcia Twilighten jarraitzailearen ustez.
Maria Brauliak, bestalde, Sareak informazio zehatzagoa eskuratzeko balio duela uste du: "Internetik gabe, ez genuke informazioaren % 80 ere jasoko. Espainiako komunikabideek, paperezkoek eta digitalek, horrelako albisteak argitaratzen nahiko motelak izaten dira. Hortaz, aktualitatearen berri jakiteko webgune atzerritarrak kontsultatzen ditugu".
Interneten, informazioa momentuan irakur daiteke. Hori dela eta, "Twilight sagaren jarraitzaileek gustuko ez duten erabaki bati aurre egiteko, Sarean sinadurak jasotzeko aukera dugu", aipatu du Brauliak.
Bateragarriak diren milaka lagun berri
Beste behin, Internetek pertsonen arteko harremanak sustatu ditu, distantziak kontuan izan gabe. "Gaur egun, betiko lagunak baino gehiago ditut Facebook eta Tuenti bidez Twilight sagaren zaleen artean egin ditudan lagunak", esan du, harrituta, Aurora Gonzalezek. "Milaka pertsona ezagutu ditut Sarean, baina, tamalez, ezingo ditut denak aurrez aurre izan", gaineratu du Carlos Garciak.
Parte-hartze horrek eta erabiltzaileen arteko komunikazioak "benetako lagun" bilakatzen ditu horrelako plataformetan ezagututako pertsonak.
Hala ere, kontzertuak eta estreinaldiak goza daitezke oraindik. Ekitaldi horietan, Interneteko erabiltzaileek jendea ohiko moduan, aurrez aurre, ezagutzeko aukera izaten dute: "Leialak gara eta edozein ekitaldi dela ere, euria edo elurra izan, bertan elkartzen gara. Eta noski, hainbeste urteren ostean, inoiz ahaztuko ez dituzun lagunak egiten dituzu. Oso polita da", adierazi du Jennifer Garciak.