Erreportajeak -
eitb.com-en elkarrizketa
Personal Shopper Bilbao: 'Fashion victim-ak modaren aurkakoak dira'
Naiara San Roman personal shopper (erosle pertsonala) da, bezeroei irudia hobetzen laguntzen dien modan aditua, eta The Personal Shopper Bilbao izeneko saltokia ireki berri du.
Amaia Akordagoitia
Gaur egun, gero eta garrantzi handiagoa ematen diogu itxurari, baina geure irudiari mesede egiten diona aukeratzea ez da lan erraza izaten. Naiara San Roman erosle pertsonala (personal shopper) da, moda eta joera gaietan aditua, alegia. The Personal Shopper Bilbao saltoki berrian bezeroei armairuan ezinbestekoak diren jantziak aukeratzen eta irudirik erakargarriena sortzen laguntzen die.
Gaur egun, denek behar al dugu erosle pertsonal baten laguntza?Denek ez, nahi dugunaren araberakoa da beharra. Adibidez, pertsona batek ekitaldi berezi bat badu eta denborarik ez duelako edo zer jantzi ez dakielako personal shopper baten zerbitzua behar lezake. Horrez gain, konbinatzeko edo bere buruari etekina ateratzeko arazoak izaten dituen jendeari ere zuzendua dago. Askotan, egiten duguna zuzena dela uste dugu, baina profesional baten iritzia jasotzen dugunean zeure buruari etekin gehiago atera diezaiokezula ikusten duzu. Fisonomiari eta morfologiari dagokienez, efektu optikoak sor daitezke gustuko ez ditugun gorputzeko zatiak disimulatzeko eta ederrenak nabarmentzeko. Jendeak erosle pertsonal batek bezeroari erosketak egiten laguntzen diona dela uste du, baina personal shopper bat moda eta joerak ezagutzen dituen irudiaren profesional bat da. Erosle pertsonala zeure irudiari ahalik eta etekin handiena ateratzen saiatzen da eta, horretarako, besteak beste, erosteko aholkuak ematen dizkizu.
Zeintzuk dira The Personal Shopper Bilbao zentroan eskaintzen dituzuen zerbitzuak?Eskaintza zabala dugu. Zerbitzu egokiena eskaintzeko ezinbestekoa den morfologia eta kolorimetria azterketez gain, amentzako eta umeentzako zerbitzua (Mums and babies), entrenatzaile pertsonala (personal trainer), dietetika eta nutrizioa, diseinatzaile bat (patroi egokiak aurkitzen ez dituztenentzat), neurrira egindako lurrinak, denda ibilbidea, armairuaren ikerketa... Horiek eskaini aurretik ezinbestekoa da bezeroaren eta bere arroparen azterketa bat egitea. Bezeroaren egunerokoaren eta ezaugarrien arabera, armairuan falta diren jantziak bilatzen dira eta horiek erosteko denda ibilbide bat osatzen da.
Garestia al da erosle pertsonal bat kontratatzea?Zerbitzu guztiak kontratatzen baditugu, bai. Hala ere, epe luzera, erosle pertsonal baten zerbitzuek denbora eta dirua aurrezteko balioko digute, konbinatzen eta zeure buruari etekin handiagoa ateratzen eta behar duzuna bakarrik erosten ikasten duzu. Horrela, unearen arabera irudirik egokiena eskaintzen jakingo duzu. Kontrastea bilatzen dugu; izan ere, azkenean, denek berdin janzten dugu. Erosle pertsonal baten laguntzarekin, janzteko garaian izaten ditugun zalantzak bukatu egingo dira.
Denboraldi bakoitzean arropa berria erosi behar al da?Urtero arropa guztia aldatzea akats larria da. Nik amarenak ziren gauzak erabiltzen ditut. Oinarrizko jantziak noizbehinka aldatu behar dira, kotoiak pixkanaka kalitatea galtzen baitu. Bakero batzuk, berriz, betirako dira. Horrez gainera, zein jantzitan gastatu behar den gehiago (eta zeinetan gutxiago) jakin behar da. Erosle pertsonalaren lana horiek aukeratzen laguntzea da.
Zein da fashion victim-ei buruz duzun iritzia?Fashion victim izatea modaren aurka joatea da. Estilo pertsonalaren aurkakoa da. Modaren biktimek ez dute estilorik, baina ateratzen diren joera guztiak eskuratzeagatik gustu hobea dutela uste dute, baina hori ez da zuzena.
Herri bakoitzean janzteko modua desberdina al da?Noski baietz. Janzteko estiloa desberdina da kale, auzo edo hiri bakoitzean. Santutxun, adibidez, jendeak praktikotasuna bilatzen du; Kale Nagusian, berriz, exekutibo gehiago topatuko ditugu... Eta, hortaz, dendek ere arropa desberdina saltzen dute. Hori dela eta, kate bereko dendak izan arren, ez dugu arropa berdina topatuko Madrilen, Bartzelonan eta Bilbon. Bilboko Alde Zaharrean, adibidez, hiriko kultura eta estilo desberdin ugari nahasten dira.
Zeintzuk dira armairu batean ezinbestekoak diren jantziak?Pertsona bakoitzaren egunerokoaren araberakoa den arren, kotoizko kamisetak, puntuzko jertseak, kaxmirrezko jertse bat, alkandorak, arkatz gona bat, stileto zapata batzuk... ezinbestekotzat jo ditzakegu. Aurten oinarrizko jantziak erosteko denboraldi ona da; izan ere, look desberdinak osatzeko erabiltzen dira. Gizonezkoen jantziak emakumearen armairura iritsi dira eta lanera joateko konbinazio aproposak sor daitezke.
Txandala debekatuta al dago?Ez, inola ere ez. Egoeraren araberakoa da. Traje baten galtzak eta zapatilak nahastea, estilo amerikarra, arrakasta handia duen joera da eta estilo horren baitan zapatila eta kirol-jertsea asko konbinatzen dira. Jantziekin jolastea da gakoa. Hala ere, txandala hiriko erdigunean debekatu egiten du protokoloak.
Zer da eskatu dizuten gauzarik bitxiena?Gizon batek eskoziar gona bat eskatu zidan. Zein arropa janztea gustatuko litzaiokeen galdetzean, eskoziar gona bat jarri nahi zuela erantzun zidan. Zorionez, ideia hori burutik kentzea lortu nuen.
Zein pertsonaia ezagun iruditzen zaizu modaren erakusgarri aproposa?Isabel Presley, Paloma Lago... Coco Channel inoiz hilko ez den modaren ikono bat da. Belen Esteban ere, Lady Gaga edo Victoria Beckham bezala, modaren ikonoak dira, janzten duten guztia modan jartzen dutelako. Bershkan, adibidez, Belen Estebanek janzten duen guztia topatuko dugu eta hori jendeak horrela nahi izan duelako gertatu da. Populismo kontua da. Hala ere, Coco Channel bezalako modaren ikonoak eta produktu komertzialak bereiztea oso garrantzitsua da.