Erreportajeak -

eitb.com-en erreportajea

chicisimo.es, kaleko estiloa joera bihurtu da Interneten

"Benetako moda, benetako jendea" lelopean, chicisimo.com atarian mundu osoko neskek janzten dituzten arropak erakusten dituzte. Erabiltzaileek ere inspiratzeko lekua topatu dute.

Amaia Akordagoitia

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

“Zer jantziko dut?”. Hori izaten da arropaz betetako armairu baten aurrean entzuten den esaldirik ohikoenetako bat. “Ez daukat ezer!”, berriz, erantzunik erabiliena. Horrelako egoerekin larritu egiten dira asko. Hori dela eta, Sarea inspiratzeko erreminta bikaina bihurtu da azkenaldian. Baina, zer gertatuko litzateke gaur egungo moda blogariak atari batean bilduko bagenitu? Bada, Chicisimo.es ataria topatuko genuke orduan.

San Franciscon bizi zenean, kaleko gazteek erabiltzen zituzten look-ak Sarean argitaratzen zituztela ohartu zen María Arenaza. Horiek izan ziren mundu osoko modazaleak elkartzen dituen ataria sortzeko lehen pausoak. "Chicisimok inspiratzeko balio du! Hobeto janzteko ideiak hartzeko leku paregabea da. Gu bezalako jende normalak zer jantzi jakiteko lekua, alegia", azaldu du Arenazak.

Eta hori da, hain zuzen ere, atariaren helburua, joerak kalean bilatzea, inspirazioa jendeak kalean erabiltzen duen moda horretan topatzea. "Street style izenekoa oso fenomeno interesgarria da, eta benetakoa, pertsonala, da. Jendea nolakoa den eta errealitatean nola janzten den erakusten dituzten argazkiak argitaratzean datza. Gainera, street style-ak ahalmen handia du hedatzeko. Gure erabiltzaileak bere inguruan eragin handia duten neska gazteak izaten dira", adierazi du atariaren sortzaileak.

Chicisimoren erabiltzaileak ere ideia horrekin bat datoz. "Zure egunerokoan sortutako look-ak erakusteko eta partekatzeko modu dibertigarria eta desberdina da!", azaldu du Rebeca Labara A Trendy Life Style blogaren egileak. Bestalde, Chicisimo lanaren berri emateko erabiltzen duenik ere bada, Estefanía C. García Con dos Tacones bloga idazten duen personnal shopper eta estilista adibidez: "Platadorma ona da nire blogaren eta erosle pertsonal eta estilista gisa eskaintzen ditudan zerbitzuen berri emateko. Gainera, argitaratzen ditudan janzkerei buruzko iritzia jasotzea ere oso gustuko dut".

Joera sortzea edo joerari jarraitzea. Hor dago koska.

Chicisimok bi erabiltzaile mota ditu: janzteko beren modua zabaldu nahi dutenak eta webgunea inspiratzeko, ideiak hartzeko, bisitatzen dutenak.

"Estiloa partekatu nahi dutenek argazki bat argitaratu eta soinean daramatzaten arropak zein markatakoak eta koloretakoak diren zehazten dute. Boto gehien jasotzen dituzten proposamenak azalera iristen dira eta eguneko, asteko eta hilabeteko gustukoenak zein diren jakiteko zerrendak sortzen ditugu", esan du Arenazak.

"''Chicisimo Fashion Week'' nazioarteko txapelketa irabazi nuen; ia 700 boto jaso nituen. Oso pozgarria izan zen eta nire proposamenik gustukoenetakoa bilakatu da. Argitaratzen ditudan ia guztiekin asteko onena izatea lortzen dut. Nire blogaren bitartez laguntzen nauen jende asko dut", argitu du erosle pertsonalak.

Aniztasuna eta aldakortsuna

Jantzi bakar batekin milioika janzkera desberdin sortu daitezke. Atariak helarazten duen ideietako bat da hori; aniztasuna eta aldakortasuna. "Harrigarria da jendeak sortzeko duen gaitasuna. Hau da, Zara dendako arropa berdinarekin, norvegiar batek eta brasildar batek proposamen guztiz desberdinak sortzen dituzte", azaldu du Labarak. Azkenean, "benetako street style-a da", Estefaniaren ustez.

Street style izeneko joera hori modan dago eta Chicisimok, besteak beste, Paris, Londres eta New York hirietan topatuko dugun janzkera gerturatzen digu. "Gustuko dut erabiltzaile atzerritarren proposamenak begiratzea, batez ere italiarrenak, londrestarrenak eta newyorktarrenak. Gauza berriak ikasten dituzu eta zure arropak erabiltzeko inspiratzen zara", esan du Garciak.

Hala ere, hori guztia ez litzateke izango posible Internet gabe. "Azken urteetan joera berriak Interneten harrapatzen dira, baina, oraindik ere, kalean inspirazio bila aritzen diren cool hunter joera-bilatzaileak fidagarriagoak iruditzen zaizkit", azaldu du Con Dos Tacones blogaren egileak.

"Chicismok eta street style joera erakusten duten beste webgune eta moda blogek marka handietako cool hunter-rak eta moda enpresak inspiratzen dituzte, jendeak zer nahi duen eta zer ez duen nahi erakusten baita", zehaztu du Labarak.

Horrela, Internet joerak gidatzeko erreminta oso erabilgarria bilakatu da. "Internetek modaren sektorean eragin ikaragarria izango du, beste sektore batzuetan izan duen bezala", uste du Arenazak.

Internet, modaren erakuslehio berria

Vogue-k eta gisa horretako aldizkariek lehiakide indartsua topatu dute Interneten. "Chicisimok duen desberdintasuna edukiak Sareko erabiltzaileek sortzen dituztela da. Kaleko jende normalean, gu bezalakoak diren pertsonetan, inspiratutako proposamenak dira, ez bakarrik aurpegi eta gorputz perfektuak dituzten modeloetan", aipatu du Arenazak.

Orain arte, Chicisimo emakumeei bakarrik zuzendutako ataria zen, baina, hemendik gutxira, gizonek ere tartea izango dute bertan. Horrek guztiak Chicisimok ondo funtzionatzen duela adierazten du eta, webgunearen sortzailearen aburuz, "hazkundearen erritmoa ikaragarri azkarra da" eta datozen asteetan horrela jarraitzea espero dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea