Sakonean -
Erreportajea
Lur Atxesburu: 'Turkiak gerra operazio bat aktibatu du Kurdistanen'
Komite Internazionalistetako brigadistak 20 egun inguru igaro ditu Kurdistanen beste bi kiderekin batera eta bertan ikusitakoaren berri eman digu.
Onintza Aiestaran | EITB.EUS
Egoera asko korapilatu da Kurdistanen azken hilabetetan, batez ere, Turkiako gobernuak kurduen kontra oldarraldia abiatu ondoren. PKK Kurdistango Langileen Alderdiak uztailaren 25ean amaitutzat eman zuen 2013ko martxoan abiatutako alde bakarreko su-etena; alabaina, Turkiaren eta kurduen arteko harremana gaiztotua zen ordurako.
2015eko ekainaren 7an Turkian izandako parlamenturako hauteskundeetan, Tayyir Erdogan presidentearen AKP alderdi kontserbadore eta islamistak gehiengo absolutua galdu zuen hauteskundeak irabazi arren. Hauteskundeetako garaile nagusia indar kurduak eta ezkertiarrak batzen dituen Herrien Alderdi Demokratikoa (HDP) izan zen; izan ere, botoen % 13 eskuratuta, Turkiako parlamentuan sartu eta AKP alderdiaren hamarkada bat baino gehiagoko gehiengo absolutuari amaiera eman zion. Hauteskundeen ondotik, Erdoganen gobernuak kurduen kontrako eraso gordinei ekin zien Turkiaren, Iraken eta Siriaren menpeko Kurdistango lurraldeetan.
Kurdistan naziorik gabeko estatua da eta bost estatutan banatuta dago: Turkia, Siria, Irak, Iran eta Armenia.
Kurdistango mapa.
Lur Atxesburu Komite Internazionalistetako euskal brigadista Turkiaren menpeko Kurdistanen izan da 20 egunez beste bi kiderekin batera, eta bertatik bertara bizitakoa kontatu digu.
Euskal brigadistaren esanetan, Turkiako gobernuak Kurdistanen abiatutako "gerra operazioa"ren –eraso politiko eta militarra- lekuko izan dira. "Turkia osoan zehar PKK alderdiaren 300 egoitzari eta auzo kurduei eraso egin diete. Kasu bat jartzearren, Istanbulen kurdu bat hil zuten autobus geltoki batean, kurdueraz hitz egiten harrapatu zutelako", salatu du. Erasoak Turkia osoan izan badira ere, Ipar Kurdistango hiriburuan –Turkiaren menpeko Kurdistan-, Diyarbakirren, eta Siriako eta Irakeko mugatik gertu dagoen Cizre hirian jazo dira enfrentamendu gogorrenak.
Su-etena hautsi ondoren, Ipar Kurdistango hainbat auzok eta hirik autonomia bat aldarrikatu dute, asanblada bidez hala erabakita, eta horien artean daude Diyarbakirreko Alde Zaharra -Sur auzoa deritzona- eta Cizre hiria. Aipaturiko bi toki horietan sartu dira Turkiako Polizia eta Armada eta, operazio militarrak egiteaz gain, irteteko debekua ezarri dute hainbat egunez. Lur Atxesburu Diyarbakirren izan da batez ere eta bertako kaleetan tentsio handia antzeman duela azpimarratu du, batik bat, Alde Zaharrean. "Polizia eta militar asko dago (Alde Zaharraren) kanpoan eta auzotarrek barrikadak eraiki dituzte barrura sar ez daitezen eta printzipioz ez dira sartzen", adierazi du Atxesburuk. Dena den, euskal brigadistak Diyarbakirrera iritsi aurretik istilu gogorrak eta kalera irteteko debekuak izan dira Alde Zaharrean; horien ondorio dira Lur Atxesburuk hormetan ikusitako bala arrastoak eta kiskalitako eraikinak. Bestalde, Cizre hirian azken egunotan bizitako une latzak azpimarratu ditu euskal brigadistak; izan ere, zortzi egunez etxeratze agindua ezarri dute eta setiatuta ere egon da. Atxesburuk salatu du 30 pertsona inguru hil dituztela Cizren.
ERREFUXIATUAK
Egunotan beti ere Turkiako lurretan mugitu bada ere, Siriako mugatik 45 kilometro eskasera dagoen Suruç hiria ere bisitatu du Lur Atxesburuk eta, Siriako gerratik ihesi, bertara iristen diren errefuxiatuen egoeraren testigu izan da. Suruç hiria Siriako Kobani barrutiaren ondoan dago eta, brigadistaren esanetan, bertatik milaka eta milaka errefuxiatu iritsi dira azken aldian. Halaber, salatu duenez, Turkiako gobernuak Kobanirekiko muga itxi du eta ez dago Siriako hiri horretara giza laguntza eramaterik.
Sirian ez ezik, Turkiara iristen diren errefuxiatuek ere laguntza behar dute. Turkiako gobernuak errefuxiatuentzako kanpaleku batzuk antolatu ditu, baina horietan suniak bakarrik sar zitezkeen, eta, ondorioz, Suruçeko Udalak eta mugimendu kurduek beste kanpamentu batzuk antolatu behar izan dituzte.
Suruçeko Shahid Jalhad kanpamentua. Argazkia: Lur Atxesburu
Kanpamentuetan bizi diren errefuxiatuek Atxesbururi kontatu diotenez, bertako egoera desesperatzeko modukoa da: batetik, oso zaila ikusten dutelako kasu askotan txikituta dauden Siriako beren jatorrizko hirietara itzultzea; bestetik, dirua agortzen ari zaielako. Kanpalekuetan zirkulu ekonomiko itxi batek funtzionatzen du, eta bertan bizi direnek Turkiako gobernuak jarritako dendetan soilik egin ditzakete erosketak. Irtenbiderik gabeko egunerokotasunak eta desesperazioak bultzatuta, askok eta askok kanpalekuetatik Europara abiatzea edota Siriara itzultzea erabaki dute.
Komite Internazionalistetako brigadistak azaldu digunez, siriarrei deigarria egiten zaie errefuxiatuekin Europan gertatzen ari dena. "Deigarria egiten zaie 50.000 biztanleko (Turkiaren menpeko Kurdistango) Suruç hiria 250.000 errefuxiatu hartzeko gai izatea eta Europar Batasunarentzat 120.000 arazo izatea", azpimarratu du Lur Atxesburuk. Ildo horretan, arazoaren muinera jotzea aldarrikatu du: "Kritika egiten zaio errefuxiatuen iritsierari, baina ez da behatzen zerk eragin duen milaka eta milaka pertsonak beren etxeak eta herrialdeak uztea".
Suruçeko Shahid Jalhad kanpamentua. Argazkia: Lur Atxesburu
ESTATU ISLAMIKOA
Euskal brigadistaren iritziz, ez da Estatu Islamikoaren presentziarik antzematen Turkian. Dena den, Turkiako gobernua Estatu Islamikoarekin nahiko lerrotuta dagoela uste du, bai ideologian eta baita praktikan ere. Duela gutxi, Estatu Islamikoak mehatxu egin omen zion idatziz Turkiari. Hala ere, testuari erreparatuta, nabarmena da Tayyir Erdoganen gobernuaren aldarrikapen berdinak egiten dituela: "Turkia estatu laiko ez bihurtzea eta kurduen aurrean ezertan amore ez ematea". Are gehiago, biek ala biek "etsai bera" dutela iritzi dio: "Etsai bera, ikuspegi ideologiko bera dute, agian Turkiako gobernuak ez du hain irmo aldarrikatzen Estatu Islamikoak aldarrikatzen duena, baina gertukoak dira". Bestalde, Turkiako gobernuak kurduen kontrako bonbardaketak egiten zituen bitartean Estatu Islamikoari "lagundu" diola salatu du.
Kurduen egoera gaiztoa izanagatik ere, itxaropenerako argi-izpiak ikusten ditu Atxesburuk: "Gerra egoera edo erasoaldi indartsu baten aurrean egonda ere, aurrera egiteko borondate handia dute kurduek, eta grina handia dago bertako gizarte mugimendu eta politikoetan gizarte berri edo ezberdin bat eraikitzeko".