Sakonean -
Erreportajea eitb.com-en
Ezkontza bereziak: baiezkoa beste era batean ematea
Ezkontzak urpean, mendi tontorretan, Anoetan edo Las Vegasen. Egun berezi horretarako batzuek ezohiko aukerak hautatzen dituzte. Era bitxi batean elkartu ziren hainbat bikoteen istorioak bildu ditugu.
Bea Sever
Aurretik ere entzun izan dugu Thailandian edo Kariben urpeko ezkontzak egiten dituztela, baina, Bizkaiko Itsasoan? Asier eta Loida, urpekariak biak, euskal kostaldean, ur azpian ezkondu ziren lehendabizikoak izan ziren. Ezkontza 2003an izan zen Armintzako uretan, eta senar-emaztegaiek bonbonak eta neopreno jantziak zeramatzaten. Loidak, gainera, txapapotea hartzeko buzo zuria zeraman.
Ur gainean orekan&' || 'nbsp; ezkondu ziren Monica Sanchez eta Javier Manteca 2008an, "Txinbito" ontzian, Ibaizabal zeharkatzen duen ontzi ospetsuan, hain zuzen ere, eta ehun pertsona inguru lagun zituztela. Javier Maidagan kapitainak egin zuen ospakizuna eta Barakaldo aurrean eman zuen bikoteak baiezkoa. Bizkaiko Zubiak argiak piztuz omendu zituen.
Jose Terrerosek eta Marta Ortegak, ordea, mendi tontor batean ezkontzea erabaki zuten: Kolitza (890 metro) Bizkaiko mendian. Emaztegaiaren gurasoek 33 urte lehenago egin zuten moduan, San Sebastian eta San Roke baselizan batu ziren bi orduko ibilaldia egin ostean. Gonbidatutako 150 senide eta lagunak, mendirako arropekin jantzita egon ziren Martaren zain, eta haizetik babesteko jaka zuria jantzita zuela ikusi zuten heltzen. Ezkondu eta gero, senar-emazteak mendiko makilez egindako arkupetik igaro ondoren, menditik behera jaitsi ziren.
Urrunago ezkondu ziren Iñaki Laka eta Sonia Castañon: Las Vegas hirian. Ez ziren Elvis eta Marilyn mozorroekin joan, arrantzalez jantzita baino. Agian Ondarroako jaiak gogoan, bertan ezagutu baitzuten elkar Iñaki ondarroarrak eta Sonia euskal jatorriko estatubatuarrak. Hala ere, "ezkontza ofiziala" egin zuten geroago Ondarroan.
Maider Gorostidik eta Felix Anduezak ere ezkontza berezia ospatu nahi izan zuten eta, biak Realeko jarraitzaile sutsuak izanik, Anoetako futbol zelaian egin zuten argazki erreportajea. "Gu realzaleak gara eta guretzako garrantzitsua zen", azaldu digu Maiderrek. Ezkontza Andoainen izan zen, baina ezkongaiek Anoetako berdegunean atera zituzten argazkiak, Realeko ikurrarekin eta entrenatzailearen aulkian. "Oso polita izan zen", Maiderren iritzian.
Santurtziko parkea Erdi Aroko ospakizun bitxi baten lekuko izan zen 2006an. Monica Zabalak eta Jose Saldañak baiezkoa eman zuten hirurogei senide eta lagunen aurrean, den-denak Erdi Aroan legez jantzita zeudela. Bufoiak eta aztiak ere ez ziren falta izan. Egun berezia, dudarik gabe.