Teknologia -
Cosumerren ikerketa
Euskal erabiltzaileen % 61 teknologia berriekin obsesionatu liteke
Euskal erabiltzaileen % 45ek sakelako telefonoa erabiltzen duen denbora kontrolatu behar du, % 33k Interneten nabigatzen duena eta % 25ek bideojokoekin aritzen dena.
Erredakzioa
Eroski Consumerrek egin duen ikerketa baten arabera, euskal erabiltzaileen % 61 teknologia berriekin obsesionatuta egon liteke. Ikerketa horretarako 1.220 inkesta egin dituzte, bederatzi erkidegotan. Euskadin, 14 eta 39 urte bitarteko 135 pertsonak parte hartu dute.
Horietatik, % 5ek bakarrik onartu du teknologia berriak eta Internet gehiegi erabiltzen dituela, baina % 61 teknologia berriekin obsesionatu liteke.
Azken astean sakelako telefonoa eta bideojokoak erabili dituzten euskal erabiltzaileen % 2k bakarrik izango luke mendekotasuna izateko arriskua. Interneten erabileran, berriz, arriskua % 3koa da.
Euskal erabiltzaileen % 45ek sakelako telefonoa erabiltzen duen denbora kontrolatu behar du, % 33k Interneten nabigatzen duena eta % 25ek bideojokoekin aritzen dena.
Ikerketaren arabera, euskal erabiltzaileen % 39k ezin du sakelako telefonorik gabe egon eta % 24 etengabe ari da begira. Gainera, lau erabiltzailetik bat poztu egiten da zerbait jasotzen duenean.
Interneten erabilerari buruz ikerketak adierazi duenez, erabiltzaileen % 20k gero eta denbora gehiago erabiltzen duela uste du, eta % 14k erabiltzen duena baino denbora gutxiago nabigatzen duela esaten du.
Inkesta parte hartu dutenen % 19k Sarean nabigatzeak edo bideojokoek arazoak ahazteko balio dutela esan du.
Euskal erabiltzaileek gailu teknologiko ugari dituztela ere erakutsi du. Horrela, etxe bakoitzean hiru sakelako telefono daude, batez beste, eta hamarretik bederatzitan bi argazki kamera digital eta ordenagailu bat dituzte. % 26k tabletak dituzte eta % 38k, liburu elektronikoak.