Teknologia -
Sarea
'Plan de chicas', adiskidetasunari balioa emateko ataria
Emakumeentzako gune hori bi bilbotarrek sortu dute, lagunekin egiten dituzten planak hobeto antolatzeko teknologia berri bat eskaintzeko.
A. A.
Plandechicas.com webgunea 2011ko urrian jaio zen, eta, atariaren sortzaileek azaldu dutenaren arabera, "emakumeentzako inspirazio txoko bat da, lagunekin egiteko proposamenak topatzeko".
Maite Gorordok eta Alejanda Apraizek komunikazioari buruzko master batean ezagutu zuten elkar, eta "Plandechicas" proiektua martxan jartzea erabaki zuten. Ondoren, Jon Ander Romero informatikaria batu zitzaien.
"Plandechicas" webguneak proposamen ugari jasotzen ditu: bidaiak, planak, etxean egiteko tailerrak, arropa salerosketa... "Erabiltzaileei gure blogera euren proposamenak bidaltzeko eskatzen diegu, eta dagoeneko askok egiten dute. Horrez gain, produktuak eta zerbitzuak ere kontsulta daitezke bertan", Apraizen hitzetan.
"Plandechicas" atariaren helburua "emakumeen arteko adiskidetasunari dagokion tartea ematea da. Emakumeok geure arteko adiskidetasunak duen garrantziaren jakitun gara. Terapeutikoa ere bada!", azaldu dute.
'Pink Moments' plataforma
"Plandechicas" webgunean, "Pink Moments" plataforma ere erabil daiteke. "Interneten gizonek agintzen dute, eta gizonek emakumeentzat egindako aplikazio ugari dago. Emakumeek taldean egiten ditugun planak koordinatzeko arazoak izaten ditugu, eta, hori dela eta, emakumeek emakumeentzat egindako teknologia berri bat sortu dugu", Apraizen arabera.
Horrela, "Pink Moments" plataforma urtebetetzeak, ezkondu aurreko agurrak, lagun baten lehen umearen jaiotza... prestatzeko erreminta bat da. "Talde bat garenean ere, inork ez du antolaketaren ardura guztia izan nahi, denek denbora gutxi baitugu. Azkenean, bakar batek dena antolatu eta dirua aurreratu behar izaten du", esan du.
Erabaki horiek denen artean hartzeko balio du "Pink Moments" plataformak: "Zer erosiko dugu? galderaren erantzuna denon artean erabaki beharko genuke, baina, askotan, erosiko duen pertsonak bakarrik hartzen du ardura hori. Horrez gain, 200 mezu elektroniko eta whatsapp mezu bidaltzen ditugu".
Kontuak egitea ere zaila izaten da horrelakoetan. "Dirua aurreratu duen neskak ez du inoiz dena berreskuratzen. Inork ez du jakiten nori eta zenbat zor dion, eta ordaintzea ahazten dute", Apraizen esanetan. Horrelakoak ez gertatzeko, "Pink Moments" plataformak halakoak antolatu eta kudeatzen ditu, eta "boteak taldean egiteko eta kontuak eramateko balio du".
Berankorrentzako botoi berezia ere eskaintzen du.
Originaltasuna ere sustatzen du plataforma berriak; izan ere, produktuak eta zerbitzuak gomendatzen ditu. "Neskek helbide elektronikoa utz dezakete, eta plataforman parte hartzeko gonbidapena jasoko dute", azaldu dute sortzaileek.