Teknologia -
Berrikuntza
Ikeak telebista eta altzaria batzen dituen produktu bat kaleratu du
Uppleva izeneko produktua gaur merkaturatu dute, eta tamaina ezberdinetako pantailarekin eskura daiteke: 24, 32, 40 eta 46 hazbetekoa. Upplevak telebista, soinu-ekipoa eta altzaria uztartzen ditu.
Erredakzioa
Ikea altzarien multinazional suediarrak Uppleva kaleratu du gaur. Smart TV telebista, lau neurritan eskuragarri (24, 32, 40 eta 42 hazbete); haririk gabeko subwooferra duen 2.1 soinu ekipoa, eta CD, DVD eta Blu-ray irakurgailua batzen dituen altzaria da.
Dekorazioan eta altzarien munduan errege izan ostean, Ikeak teknologia berrietara egin du salto. Talde suediarrak egongeletan “multimedia eremua” sortzeko pausoa eman du, altzari bakar batean teknologia berrienak eta diseinua uztartuta. Uppleva deitu diote sorkuntza horri.
Konpainiaren arabera, Upplevaren helburua irudia, soinua, kablerik gabeko gestioa, interneterako sarbidea eta funtzio anitzeko urrutiko agintea batzea da. “Egongelarako irtenbide azkarra eta osoa da, baita erakargarria ere, nahiz eta telebista itzalita egon”, adierazi du enpresak.
Upplevak telebista, soinua eta altzariaren kontzeptuak uztartzen ditu, dena Ikearen Besta izeneko altzarian sartuta. Telebista interneterako sarbidea eta gordetze ahalmena duen Smart TV LED Full HD (1080p) da. Lau neurritan (24, 32, 40 eta 40 hazbete) eta bi koloretan (zuria eta beltza) dago eskuragarri. Argi sentsore bat du, pantailaren distira automatikoki egokitzeko. Kontsumo baxukoa da, eta kalitate handiko irudiak eskaintzen ditu, konpainiaren arabera.
Soinu, bideo eta irudi formatu ohikoenekin (MP3, MP4, DivX, JPEG…) bateragarria da. Hala, artxiboak erraz parteka daitezke USB memoria bat erabiliz nahiz WiFiaren bitartez. WiFiaren bidez, ordenagailuarekin, 'smartphone'-arekin edota beste gailuekin konektatzeko aukera eskaintzen du. Horretarako, UPPLEVA WiFi egokigailua behar da, aparte erosita. Horretaz gain, funtzio anitzeko urrutiko agintea dauka.
Soinu sistemari dagokionez, haririk gabeko subwooferra duen 2.1 ekipoa da, irratia eta CD, DVD eta Blu-ray irakurgailua batzen dituena. Smartphone-arekin, MP3arekin, iPod-arekin, tabletarekin edota USB memoriarekin konektatu eta musika erreproduzitzeko aukera ematen du. Soinu eta bideo formatu ohikoenekin (DivX HD, XVid, AVI, MP4…) bateragarria da.