Teknologia -
1.100 milioi dolar
Honelakoa da Tumblr, Yahook erositako sare sozial arrakastatsua
Operazio honekin, Yahook suspertzea du helburu, estrategia gazteei bideratuta.
Erraldoia
Hogeita sei urteko David Karp teknologiaren munduan aberats egin den azken jenioa da, Tumblr microblogging plataforma Yahoori saldu baitio, 1.100 milioi dolarren truke.
Yahook oso urrun ditu bere garai distiratsuenak, eta, operazio honekin, suspertzea du helburu, estrategia gazteei bideratuta.
Tumblr tumblelog edo microblogging plataforma bat da, eta 2007. urtean jaio zen. Bertan, erabiltzaileek mezu laburrak publikatzen dituzte, argazkiekin edo irudiekin. Twitterren gertatu ez bezala, Tumblrren irudia da erregea.
Ideia oso sinplea dela dirudien arren, egun 141 milioi erabiltzaile, 108 milioi blog eta 60.000 milioi mezu ditu. Iaz, 13 milioi dolar irabazi zituen, publizitateari esker.
Sare sozialen erronka nagusietako bat publizitatearekin dirua nola irabazi asmatzea da. Tumblrren kasuan, edukiak babestuz lortzen dute dirua.
Gainera, hazkundea oso handia da: hilabetean 300 milioi erabiltzaile berri ditu; eta 120.000 egunero.
Yahook Sunnyvalen (Kalifornia, AEB) duen egoitza nagusia. Argazkia: EFE/John G. Mabanglo
Erabiltzaileek segundoko 900 iruzkin publikatzen dituzte, eta sare sozial horretan 24.000 milioi minutu egoten dira, hilabetean.
Survata taldearen inkesta baten arabera, 13 eta 25 urte artekoek Tumblr nahiago dute, Facebook baino gehiago.
Iraganean, Yahook Geocities, Broadcast eta Delicious erosi ditu, eta denek porrot egin dute. Zortea Flickr erosi zutenean eta Marissa Mayer Googleko langile ohia Yahooko zuzendari nagusi egin zenean aldatu zen, eta, orain, Interneteko erraldoia suspertzen hasi da.
Mayerren hitzetan, erronka nagusia erabiltzaileak beste plataforma batzuetara joatea galaraztea da.
Zeregin horretan, baina, oztopo bat izango dute: pornografia. Izan ere, Tumblrren audientzia gehien duten edukien % 11,4 pornografikoak dira, eta bisiten % 22 webgune pornografikoetatik jasotzen dituzte.
Administrazio kontseilurik edo akziodunik gabeko enpresa txiki batentzat, horrek ez du Yahoorentzat eta multinazional baten arau etikoentzat izan zezakeen arazorik ekartzen.
"Tumblrrek Tumblr izaten jarraituko du", hitz eman du Mayerrek eta modu independentean jarduten jarraituko duela esan du.
Orain, ikusteke dago Karpen sorkuntzak Geocitiesen heriotza geldoaren antzeko bat izango ote duen (90eko hamarkadan Interneten sortutako komunitatea eta Yahook eskuratua) edo YouTuberena (2006an Googlek eskuratu zuen) bezalako inbertsio bikaina izango den.