Teknologia -
Aplikazioak
Google, Waze 1.300 milioi dolarrean erostekotan
Gailu mugikorretarako aplikazioa gidariei laguntzeko diseinatuta dago, eta 47 milioi erabiltzailek ematen duten informazioa du oinarri mapak hobetzeko.
Erredakzioa
Baliteke Google konpainiak Waze etxea 1.300 milioi dolarren truke (985 milioi euro) erostea, egunkari israeldar batek argitaratu duenaren arabera.
Albistea Globes finantza egunkariaren webgunean jaso dute, baina bertan ez dute informazioaren jatorria zehaztu.
Joan den hilabetean, Google Waze eskuratzeko negoziatzen ari zen, hainbat tokitatik Reuters agentziari jakinarazi ziotenaren arabera. Hala ere, beste egunkari israeldar batek Facebook 1.000 milioi dolar (758 milioi euro) ordaintzeko prest zegoela argitaratu zuen.
Facebook gailu mugikorretarako teknologian buru-belarri ari da lanean, eta erabiltzaile kopurua handitu nahi du. Waze gailu mugikorretarako aplikazioa gidariei laguntzeko diseinatuta dago, eta 47 milioi erabiltzailek ematen duten informazioa du oinarri mapak hobetzeko.
Nabigaziorako aplikazioak dira erabilienak, eta erabiltzaileak erakartzeko eta mantentzeko ezinbestekoak dira konpainientzat. Horrelako zerbitzu baten lizentzia izatea, hortaz, abantaila handia da.
Waze enpresako arduradunek ez dute adierazpenik egin.