Teknologia -

PlayStation 4arekin lehiatzeko

Xbox Onek atzera egin du

Microsoftek estrategia aldatu du. Ez da derrigorrezkoa izango Internetera 24 orduro konektatzea, jokoen elkartrukea librea izango da eta ez da egongo inolako babesik herrialdearen arabera.

Xbox One azaroan jarriko dute salgai. Argazkia: EFE.
Xbox One azaroan jarriko dute salgai. Argazkia: EFE.
Xbox One azaroan jarriko dute salgai. Argazkia: EFE.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Microsoftek erabiltzaileen kritikak entzun ditu, eta bideo-kontsola berria merkaturatu aurretik estrategia aldatzea erabaki du. Hala, ez da derrigorrezkoa izango Internetera konektatzea, ez du bideo-jokoen bigarren eskuko merkatua mugatuko eta ez du babes erregionalik ezarriko.

Joan den maiatzaren 21ean aurkeztu zuten Xbox One kontsola berria, eta, ordutik, Microsoftek kritika ugari jaso du. Bideo-jokoen jabetzaren eta kontsola erabiltzeko Internetera konektatzeko beharraren inguruko erabaki estrategikoak ez dira erabiltzaileen gustukoak izan; eta Sonyk aintzat hartu du hori.

Los Angeleseko E3 azokan, Sonyk PlayStation 4ren salneurria 399 eurokoa izango zela iragarri (Xbox One baino 100 gutxiago) eta bideo-jokoak mugarik gabe elkartrukatu ahal izango zirela azaldu zuen.

Hasiera batean, Microsoftek bere estrategia babestu zuen, baina, horrela jarraituz gero, Sonyrekin lehiatzea oso zaila izango litzatekeela ulertu du. Hala, atzera jotzea erabaki du.

Enpresak jakinarazi duenez, ez da inolako mugarik egongo bideo-joko fisikoak elkartrukatzeko; ez da beharrezkoa izango kontrola 24 orduro Internetera konektatzea hori erabili ahal izateko; eta, azkenik, ez dute babes erregionalik ezarriko. Azken neurri hori ez dute aurrekoak bezainbeste kritikatu, baina erabiltzaile askok atzerrian erositako jokoak erabiltzen dituzte, merkeagoak direlako.

Hartara, Xbox Oneko bideo-jokoen erabilerarako sistema PS4rena bezalakoa izango da. Erabiltzaileek hori nahi zuten.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea