Teknologia -

Irailaren 10ean

Applek bi Iphone berri aurkeztuko ditu… eta besterik?

Mundu osoa jarri da Tim Cookek astearte honetarako deitu duen ekitaldira begira. Zurrumurruen arabera, Iphone 5Saz eta modelo merkeago batez gain, ustekaberen bat ere iragarriko dute bertan.

Applek irailaren 10ean egingo duen ekitaldirako gonbidapena.
Appleren ekitaldirako gonbidapena.
Applek irailaren 10ean egingo duen ekitaldirako gonbidapena.

Eider Garaikoetxea | eitb.com

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Hasi da atzerako kontaketa: teknologiaren zale askok espero zuten eguna heldu da; izan ere, Applek, Tim Cook buru duen multinazionalak, show bikoitza iragarri du 2013ko irailaren 10erako. Aldi berean egingo dute AEBetan (Cupertino) eta Alemanian (Berlin). Kalifornian 10:00ak direnean hasiko da ikuskizuna, bertoko 19:00etan.

Iraila askotan aukeratu du Applek produktu berriak merkaturatzeko, eta oraingoan zer produktu berri erakutsiko dituzten bota dute dagoeneko hedabide espezializatuek: Iphone 5aren ondorengoa (Iphone 5S), Iphone "merke" bat eta sistema eragilearen hurrengo eguneratze (Ios 7). Nolanahi ere, hitzorduaren aurrean jakin-mina erabat asetzerik ez da izan oraindik, adituek sorpresak izango direla aurreratu baitute.

Twitterren, teknologiaren zaleek gehien erabiltzen duten sare sozialean, bolo-bolo dabiltza produktu berrien inguruko espekulazioak. Apple astelehen osoan ibili da joera nagusien zerrendan, burutapen sinesgarri eta sinesgaitzez betetako artikuluen eraginez.

Hedabideetako adituen arabera, Iphone 5Sa, Iphone 5 iaz aurkeztu zuten mugikorraren ondorengoa, aurkeztuko dute, seguru. Ohiko zuriaz eta beltzaz gain, telefono honetarako, kolore gehiagoko karkasak aukeratu ahalko direla uste dute, konpainiak hizpide dugun ekitaldirako kazetariei bidali dien gonbidapenean oinarrituta; izan ere, bertan, kaliforniar enpresaren logo mitikoa, haginkada bat hartu duen sagarra, kolore askoko atzealde baten aurrean ikusten da. Halaber, egungo modelokoa baino bateria handiagoa eta datuak biltzeko edukiera handiagoa izango dituela ere uste dute.

Hala ere, hautsak gehien harrotu dituena Iphone merkeagoen balizko iragarpena izan da. Smartphone-ak jende gehiagoren eskura jarri nahi ditu, itxura denez, enpresak, eta horregatik hartu du estrategia hori.

Hainbat informazioren arabera, Iphone berri eta merkeago hauek (Iphone 5C izena eman diete) maila altukoak baino kolore gehiagotan erosi ahalko dira, baina, noski, ezaugarri murritzagoak izango dituzte.

Horrela, Applek premium modelo bakar baten alde egiteko ohitura hautsiko du. Antza denez, Txinako merkatuan sartu nahiak ekarri du politika aldaketa hau, azkenaldian sagarraren konpainiak ez baitu bertan arrakasta handirik jaso.

Gainera, oso litekeena da Applek bere hurrengo sistema eragilearen (Ios 7) eguneratzeren bat aurkeztea. Udaren aurretik aurkeztu zuten, baina oraindik ez dago erabilgarri, eta laster jaitsi ahal izango da.

Sorpresa gehiagorik?

Aurkezpenean bi sorpresa gehiago egon litezkeela aurreratu dute batzuek: Iwatcha (Samsungen erloju adimendunaren baliokidea) eta tableta berri bat.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Apple Albisteak gaur