Teknologia -

Burtsan kotizatuko du

Facebookek bezala, porrot egingo al du Twiterrek Burtsan?

Zuhurtzia izan da lege Twitterren iragarpenean, eta horrek aldea suposa dezake 2012an Facebookek balio merkatuetan izan zuen hasiera negargarriarekin.

Dick Costolo Twitterreko zuzendari exekutiboa. Argazkia: EFE
Dick Costolo Twitterreko zuzendari exekutiboa.
Twitterrek epe laburrean kotizatuko du burtsan

0:18

Eider Garaikoetxea | eitb.com

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Inbertitzaile eta finantza adituak Twitterri begira daude gaur, mikroblogingaren konpainiak Burtsan kotizatzeko izapideak hasi dituela iragarri baitu. Albistea aspaldi espero bazen ere, iragarpena egiteko moduak ezberdintasun handiak ditu Facebookek 2012an izan zuen estreinaldiarekin.

Izan ere, Mark Zuckerbergen enpresak ez bezala, Dick Costolo zuzentzen duen konpainiak isilpean gorde ditu AEBetako Balore Merkatuan (SEC) aurkeztutako dokumentazioa. Hala, sekretupean daude diru-sarreren, errentagarritasunaren edota finantza emaitzen ingurukoak. Burtsara noiz aterako den ere ez dago ziur (2013 amaiera edo 2014 hasiera, zurrumurruen arabera), ezta akzioek izango duten erreferentzia prezioa ere.

Usteak eta espekulazioak dira nagusi. Adituen esanetan, 15.000 eta 20.000 milioi dolarretan atera daiteke balio merkatura. Dena dela, negozio ereduak zalantzak eragiten ditu oraindik inbertitzaileen artean. Izan ere, erabiltzaileek ordaintzen ez duten zerbitzu bat errentagarri izatea zaila da aditu askoren hitzetan.

Aurrekari beldurgarria: Facebook

Facebook munduko sare sozial garrantzitsuenak Nasdaqen izan zuen hasiera negargarria oso gogoan ei du Twitterrek. Akzioak 38 dolarretan saltzen hasi ziren 2012an, baina handik hiru hilabetetara 17,55 dolar eskasetan zeuden. Milaka operazio etenda utzi zituzten sistema arazoei, Facebookek sakelakoen  dibisioan izandako publizitate porrota batu zitzaion. Ikusmin handiaren ostean, beraz, porrota izan zen nagusi. Are, Facebooken galerek beste sare social batzuenak ekarri zituzten herrestan: Linkedin eta RenRenenak (Facebook txinatarra), adibidez.

Dena dela, egoerari buelta ematen hasi da Facebook azken hilabeteetan. Sakelako dibisioak lortutako emaitza onek akzioen prezioa igorarazi dute. Atzo, berbarako, 44,75 dolarretan itxi zuen saioa.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Facebook azken ordukoa