Teknologia -
Operazioa
Facebookek WhatsApp erosi du
Sare sozialak 19.000 milioi dolar (13.800 milioi euro) ordainduko ditu.
Erredakzioa
Facebook sare sozialak WhatsApp komunikazio aplikazioa erosi du, 19.000 milioi dolarren (13.800 milioi euro) truke, AEBko Balore Merkatuaren Batzordeari jakinarazi dionez. Kopuru hori eskudirutan eta akziotan ordainduko du.
WhatsAppek 450 milioi erabiltzaile aktibo ditu hilean, eta horietako % 70ek egunero erabiltzen dute. SMSen aurrean, mezu laburrak doan igortzea ahalbidetzen duelako egin da ospetsu. Sakelako telefonoetarako txat bat da WhatsApp, Internet bidezkoa, eta urtean euro bat baino gutxiago ordaindu behar da erabiltzeko.
"WhatsApp mila milioi pertsona konektatzeko bidean dago. Mugarri hori lortzen duten zerbitzuek sekulako balioa dute", adierazi du Mark Zuckerbergek, Facebookeko sortzaile eta kontseilari delegatuak.
WhatsAppeko fundatzailea, Jan Koum, pozik agertu da operazioarekin, eta Mark Zuckerbergen bazkide izanda produktua "jende gehiagori" helarazi ahalko diotela txalotu du.
Facebookeko buruaren esanetan, gainera, aliantza honek mundua "irekiagoa" izatea eta "konektatuago" egotea ahalbidetuko du.
"WhatsApp osagarri izango da gure txat eta mezularitza zerbitzuetan, eta, horrela, erreminta berriak eskaini ahal izango ditugu", zehaztu du.
Operazioa Facebookek inoiz egindako handiena izan da. 2012. urtean, Instagram argazkien sare soziala erosi zuen, 1.000 milioi dolarren truke.
Facebooken mugimendu honek argi uzten du sare sozialetako aplikazioen sektorea dela hazteko ahalmen handienetakoa duena.
Orain, operazioa errentagarri izatea nola lortu da adituen zalantza nagusia. Izan ere, erabiltzaileek dolar bakarra ordaindu behar izaten dute urtean aplikazioa erabiltzeko, eta ez du publizitaterik.
WhatsAppek 50 langile inguru ditu.