Teknologia -
Google Glass
Zer egin daiteke eta zer ez Google Glassekin?
Google Glass erabiltzeko, praktika onen gida argitaratu du Googlek. Erabiltzaileei modu erraz batean azaldu nahi die errealitate areagotuko betaurrekoekin zer egin daitekeen eta zer ez.
Haizea Olleta | EITB.com
Googlek praktika onen gida argitaratu du Google Glass errealitate areagotuko betaurrekoak erabiltzeko. Gidak betaurreko horiek lehen aldiz erabili zituzten pertsonen testigantzak eta aholkuak jasotzen ditu, Project Glass programaren barruan betaurreko horiek erabili zituzten pertsonenak. Explorers izenarekin ezagutu zituzten.
Gida honekin, Googlek betaurrekoak erabiltzen direnean gertatu daitezkeen arazoak ekidin nahi ditu.
Hauek egin daitezke
- 1. Inguratzen zaituen mundua esploratu
Google Glassek erabiltzaileak teknologiarekin harremanetan jartzen ditu eta askatasuna ematen die euren inguruarekin elkar eragiteko. Betaurrekoak lagunekin bilerak egiteko, kaletik zoazela jatetxeen informazioa jasotzeko edota hegaldien atzerapenak kontsultatzeko erabili daitezke.
- 2. Ahots komandoen abantailak baliatu
Google Glassen ezaugarri nagusia horiek ematen duten autonomia da. Betaurrekoak erabiltzeko ez da eskurik behar; hortaz, betaurrekoak "golfera jolasten, sua erabiliz malabarismoak egiten edo gomazko pilota baten gainean oreka mantentzen ari zareten bitartean" erabiltzeko gonbidapena egiten dizue Googlek. Horrez gain, sukaldean erabiltzeko ere hainbat abantaila eskaintzen dituela nabarmentzen du, besteak beste, imajinatu ezin daitezkeen argazkiak ateratzeko aukera ematen baitute.
- 3. Baimena eskatu
Googlek betaurrekoen erabiltzaileei oinezkoen pribatutasuna errespetatzeko eskaera egiten die. Google Glassen kamera mugikorren kameren antzekoa da; hortaz, telefono batekin egingo zen legez, norbaiti argazkia atera edo grabatu baino lehen, baimena eskatu behar zaio.
- 4. Pantailaren blokeoa erabili
Betaurrekoen kristalaren segurtasun blokeoa egungo mugikorrena bezalakoa da. Segurtasunezko kodeari esker, erabiltzaileak saihestu dezake hirugarren batek bere betaurrekoak erabiltzea. Gainera, lapurtu edo galduz gero, erabiltzaileak betaurrekoak desaktibatu edo datuak ezabatu ditzake MyGlass web orrialde edo aplikazioari esker.
- 5. Kide aktiboa izan
Googlek adierazi duenez, betaurreko horien lehen erabiltzaileak Google Glassen asmatzaileekin harremanetan daude, Glass horiekin dituzten esperientzia eta iritzien berri emateko.
Hauek ezin dira egin
- 1. Betaurrekoak luzaroan erabili
Google Glass betaurrekoak ez daude luzaroan erabiltzeko prestatuta. Horien helburua informazioa biltzea eta elkar eragina sustatzea da, erabiltzaileak denbora galdu ez dezan. Ez da komeni liburuak irakurtzeko erabiltzea; badira gailu egokiagoak horretarako.
- 2. Arrisku-kiroletan erabili
Googlek betaurrekoak zentzuz erabiltzeko gomendatzen du. "Uretako eskia egiteko, toreatzeko edo inorekin borrokatzeko erabiltzea ez da ideia ona".
- 3. Erabili eta entzungor egin
Betaurrekoak arreta deituko dutenez erabiltzaileek pazientzia izateko eskatu dute. Norbaitek horiei buruz galdetuz gero, mugikorren antzekoak direla esateko iradokizuna egin dute; izan ere, ezaugarri berdintsuak dituzte.
- 4. Arraroa edo lotsagabea izan ('Glasshole')
Googlek betaurrekoak erabiltzen dituzten pertsonak 'glasshole' (inozo edo ergela adierazteko esapide trauskila) izatea saihestu nahi du. Glassen inguruan galdetzera hurbiltzen diren pertsonei egoki erantzuteko eta haiekin lotsagabeak ez izateko gomendatzen du.