Teknologia -
AIMC txostena
Internetera konektatzeko gailu nagusia telefono mugikorra da orain
Konexio maiztasun gehiago daude eta erabilera ezberdinen joera ere igo egin da. Sare sozialen eragina eta segurtasunari buruzko kezkak ere nabarmenak dira
Erredakzioa
Komunikabideen Ikerketetarako Erakundeak (AIMC) aurkeztu duen “Interneteko erabiltzaileei egindako 16. inkesta: Sareko Nabigatzaileak”txostenaren arabera, telefono mugikorra bilakatu da lehenbiziko aldiz Internetera konektatzeko gailu elektroniko nagusia (%85,5)
Telefono mugikorraren ostean, portatil/netbook-a (%77,7) eta mahai gaineko ordenagailua (73,3%) dira gehien erabiltzen diren gailuak. Horrez gain, txostenak tabletaren igoera nabarmentzen du (2012an %30,7an zegoen eta %43ra iritsi da), eta telebistak ere igoera geldoa baina “segurua” dauka (%14,1). Hala eta guztiz ere, bideo-kontsolen datuek, nahiz mahai gainekoak (%12) edota portatilak izan (%4,2), beheranzko joera izan dute iazko datuekin alderatuta.
Txostenak, gailu mugikorren dibertsifikazioa ere nabarmentzen du, sarera leku ezberdinetatik sartzeko joera nabarmen handitu delako: batez ere, etxetik eta lanetik konektatzeko joera dago (hurrenez hurren, eguneko %94,1eko eta %50,7ko eguneko konexioekin). Unibertsitateko edota ikaste guneetatik sartzeko joerak aldiz ez dira asko aldatu aurreko urteekin alderatuta (%14,8).
Bestalde, igo egin da mugikortasun handia duten lekuetatik konektatzen diren erabiltzaileen kopurua: kaleko konexioak (%42,1) 6,8 puntuko igoera izan du iaztik, eta leku publikoetako konexioak (%14,4) 3,5 puntu hazi da 2012tik.
Konexio maiztasun handiagoak eta erabilera ezberdinen joeraren igoera
Txostenaren esanetan, Internetera konektatzeko erabiltzen duten erabiltzaileak gero eta gehiago izateaz gain, gero eta maiztasun handiagoarekin konektatzen dira. “Hainbat aldiz egunean” (%70,7) adierazlea nabarmentzen da, eta “Egunean ordubetez baino gehiago” (%28,7) adierazleak sei puntuko igoera izan du 2012tik.
Interneten barnean ematen zaien erabilerei dagokienez, bertako igoera ere nabarmena da. Eguneroko albisteen irakurketa (%60,3) 6,4 puntu igo da 2012tik. Bestalde, momentuko mezularitzak (%78,2) mugikor bidezko nabigazioa (%74,2) gainditu du lehen aldiz. Testuinguru honetan, WhatsApp softwarearen erabilera gailentzen da (internauten %80,4ak erabiltzen du).
Telefono mugikorraren bidez sarera konektatzeko teknologiari dagokionez, %47,2ak WiFi sareak erabiltzen dituela dio, eta gainontzekoek aldiz, sare mugikorrak (3G/4G) hautatzen dituzte. Hala eta guztiz ere, azken hauen kasuan, teknologia horren ezarpena telefono mugikorretan ez dago oso zabaldua (erabiltzaileen %13,5ek soilik daukate).
Sare sozialen bultzada berria
Sare sozialen igoerak ez du etenik: egunero erabiltzen dituzten internautak %74,2 dira (6,8 puntu igo da kopurua iaztik). Facebookek liderra izaten jarraitzen du (%90,3), eta Twitter (%45,1) nahiz LinkedInek (%24,2), orain arteko joerarekin jarraitzen dute. Bestalde, oso nabarmena izan da Google + (%37,7) eta Instagramek (%20,1) izandako bilakaera.
Sare sozialen erabilera nagusiak lagunen arteko harremanak handitzeko izaten jarraitzen du (%79,9), eta bigarren plano batean, familiako harremanetarako (%49,8), eguneroko gaiez informatzeko (%45,8), hobbiak konpartitzeko (%39,1) eta lan-harremanak hobetzeko (%37).
Kezka segurtasunaren inguruan
Txostenaren arabera, erabiltzaileak orokorrean kezkatuta daude pribatutasunagatik eta euren datuen babesagatik. Erabiltzaileen %53,5a “zainduta” sentitu ohi da Interneten dabilenean, baina %47,1a berriz “oso kezkatuta” ageri da bereziki gobernuek euren sareko eginkizunetan daukaten ustezko kontrolagatik.
Adin txikikoen segurtasunak, erabiltzaileen kezkarik nagusienetako bat izaten jarraitzen du: 14 urtetik beherako haurren gurasoak nabarmentzen dira “kezkatuenak”, eta hauen inguruan eman ohi dira gurasoen partetik eman ohi diren edukien filtro edo blokeoak. Hala eta guztiz ere, gurasoen %55,2ak oraindik ez du euren haurrek sarean egiten dutena kontrolatzeko ohiturarik.
23.800 erantzun baino gehiago
“Interneteko erabiltzaileei egindako 16. inkesta: Sareko Nabigatzaileak” txostena egiteko 23.800 erantzun baino gehiago jaso dira. Horretarako, 250 orrialde baino gehiagotan jarritako inkesta birtualak erabili dira.
AIMCren helburua Espainia mailan Interneti buruzko ohitura eta iritziak jasotzea da. Erakundearen arabera, “ikerketa honek joera asko antzeman ditu sareen boom-a izan zenetik”.