Teknologia -
Internet
Akats informatiko larri batek agerian utzi ditu milioika pasahitz
OPEN SSL eta HTTPS sistemei eragin die. Facebook, Google, Yahoo, Amazon eta beste webgune garrantzitsu batzuetako erabiltzaileen pasahitzak 'hacker'ek eskuratzeko moduan egon dira hainbat urtez.
Erredakzioa
Akats larria atzeman dute sarearen segurtasunean, azken hamarkadako akats larrienetakoa; izan ere, milioika erabiltzaileren pasahitzak eta kreditu txartelen zenbakiak 'hacker'ek eskuratzeko moduan egon dira.
"The heartbleed bug" edo "Odolustutako bihotzaren zuloa" deitu diote sareko akats larri horri.
OPEN SSL eta HTTPS sistemei eragiten die akatsak. Googlek, Yahook, Facebookek eta Amazonek mundu osoan erabiltzen duten sistemak dira, eta horrek esan nahi du milioika datu eta pasahitz agerian egon direla.
Azken bi urteetan akats edo zulo hori egon dela konturatu dira Interneteko seguritate enpresa bateko eta Googleko bi teknikari. Baina akatsa egon dela jakinarazi dutenerako, enpresa handi gehienek konpondu dute arazoa.
Hala ere, teknikari horien arabera, bi urtean 'hacker'ek agerian egon diren kode eta pasahitza horiek guztiak hartu eta erabiltzeko modua izan dute.
Gauzak horrela, eta banketxe eta aurrezki kutxetako eragiketak Interneten egiteko erabiltzen diren kodeek ere seguritate sistema hori erabiltzen dutenez, aholkua da pasahitzak aldatzea.
Adituek diote gaur gaurkoz ezin dela jakin nork, nola eta zergatik sartu duen akats hori.