Teknologia -
Euskalduna Jauregian
Teknologiaren etorkizuna eztabaidatu dute Sherpa Summit-en, Bilbon
Jardunaldiari amaiera eman dio Iñigo Urkullu lehendakariak Bilboko Euskalduna Jauregian. 2.000 pertsona baino gehiagok parte hartu dute, gehienak gazteak izan dira.
Erredakzioa
Gizakiaren eta makinen arteko interakzioa izan da Bilbon gaur, asteartea, Sherpa Summit Interneteko Nazioarteko Jardunaldiaren ardatz nagusia.
Internet kalitatezko lanpostuak sortzeko aukera bat dela adierazi du Iñigo Urkullu lehendakariak. Urkulluren hitzetan, erkidegoko hazkunde ekonomikoa "Sarean dago".
Jardunaldiari amaiera eman dio lehendakariak Bilboko Euskalduna Jauregian. 2.000 pertsona baino gehiagok parte hartu dute, gehienak gazteak izan dira.
Euskadi "herrialde txikia da, baina handinahia du: gure proiektuek munduari bira eman behar diote", adierazi du lehendakariak.
Teknologiari lotutako ekintzaile ezagunenek bat egin dute Euskalduna Jauregian. Besteak beste, Doug Solomon Appleko nazioarteko estrategiarako zuzendari ohia eta John Sculley (Apple eta Pepsi) izan dira bertan.
Interneteko bilatzaileen belaunaldi berriak eta gailu eramangarriek (errealitatea areagotzeko betaurreko adimendunak, eskumuturrekoak...) zabalduko dituzten merkatu berriak, aukerak eta esperientziak izan dituzte aurtengo edizioan hizpide.
Xabier Uribe-Etxebarria Sherpa enpresaren sortzaileak esan duenez, teknologia berriak aztertzea izan da jardunaldiaren helburua. Bilboko Udalak, Bizkaiko Foru Aldundiak, Eusko Jaurlaritzak eta Euskaltelek diruz lagundu dute edizioa. "Gailu berriek merkatu berrietarako aukera handiak eskaintzen dituzte", esan du Uribe-Etxebarriak.
Uribe-Etxebarriaren esanetan, azken belaunaldiko gailuek oraindik lekua hartu behar dute merkatuan, gaur egun oraindik ere gutxiengo baten esku baitaude. Nolanahi ere, garatzaileak eta enpresak erabiltzaileen beharretara egokitzeko lanean ari direla gaineratu du.