Teknologia -
Prezioek behera egin dute
Sakelakoa atzerrian erabiltzea merkeagoa da gaurtik aurrera
Europatik deiak egitea % 21 merkatu da; deiak jasotzea, % 28,5; SMS bat bidaltzea, % 25; eta Internet erabiltzea, % 55.
Erredakzioa
Europar Batasuneko beste estatu batetik sakelakoan Internet erabiltzea % 55 merkeagoa da gaurtik, uztailaren 1etik, aurrera. Lehen, mega bakoitzeko 45 zentimo ordaintzen ziren; orain, 20 zentimo ordainduko dira (BEZik gabe), roaming edo ibiltaritzaren gehienezko salneurria ezartzen duen arauaren arabera.
Gauzak horrela, Europatik deiak egitea % 21 merkatu da (minutuko 19 zentimo); deiak jasotzea, % 28,5 (minutuko 5 zentimo); SMS bat bidaltzea, % 25 (gehienez, 6 zentimo); eta Internet erabiltzea, % 55.
Neelie Kroes Europako Batzordeko presidenteorde eta Agenda Digitaleko arduradunaren esanetan, "telekomunikazioen sektoreak roamingaren inguruko mezua ulertu duela esan dezakegu, izan ere, konpainia asko eskaintzen ari diren prezioak Europak baimendutako mugaren azpitik daude. Gainera, sei estatu kidetan, operadoreek ez diote roamingari gainordainik aplikatzen".
"Baina ez da nahikoa. AEBko konpainiek roaminga doan eskaintzen diete bezeroei 100 herrialde baino gehiagotan, Europako herrialdeak barne, eta lotsagarria da Europako bezeroek aukera hori ez izatea", salatu du Kroesek.
Operadore handiak, kontra
Europako Parlamentuak roaminga desagertzea onartu zuen duela hilabete batzuk. 2015eko abenduaren 15ean desagertuko da. Hala ere, estatuek araudi berri hori adostea falta da orain.
Europako operadore handiak (Telefónica, France Telecom eta Deutsche Telekom) roaminga kentzearen aurka daude, diru-sarrerak eta inbertsioak murriztuko dituela argudiatuta.