Teknologia -
Azaroaren 27an EiTBn
.eus eta Twitter, Buber sarietako protagonistak
Alex Gibelalde, Twitteren Espainiako Marketing arduraduna eta Josu Waliño .eus Fundazioko zuzendariak hitz egingo dute. Ekitaldi horretan eitb.com-etik eitb.eus-erako aldaketa ere irudikatuko da.
.eus domeinu berria eta Twitter izango dira 2014ko proiektu teknologiko onenak saritzeko aurtengo Internet & Euskadi Buber Sarietako protagonistak. 12. edizio hau azaroaren 27an ospatuko da Bilboko EiTBren egoitzan, 18:30ean, eta, bide batez, Euskal Irrati Telebistaren webgunearen eitb.com domeinutik eitb.eus domeinurako jauzia erakusteko balioko du.
Doako izango da ekitaldia, eta parte hartzeko baldintza bakarra aurretik izena ematea izango da. Plaza kopurua mugatua izango da eta leku guztiak bete arte eman ahal izango da izena.
Josu Waliño Puntueus Fundazioko zuzendariak hartuko du hitza ekitaldiaren hasieran. Izan ere, .eus domeinuaren sorrera izan da, dudarik gabe, Internet arloan Euskadin aurten izan den lorpenik handiena. Aitzindarien hasieraren ondotik, amaitu berri da zabalkunde fasea eta laster eskuragai izango da mundu guztiarentzat. Ekimena ze unetan dagoen azalduko du, beraz, Waliñok.
Danborradaren Doodlearen "arduraduna"
Ondoren, Alex Gibelalderen aurkezpenaren txanda izango da. Gibelalde “Head of Marketing Spain” postuan aritzen da Twitterren, duela urtebetetik, eta enpresa zein negozio jabeek Twitterren ondo posizionatzeko eta emaitzak hobetzeko kontuan izan beharreko irizpide eta gomendioei buruz hitz egingo du.
Beasaingo profesional hau izan zen, hain zuzen ere, Googlen “Product Marketing Manager” zenean, 2010an, donostiako danborrada bilatzailearen Doodle bihurtu zuena, Donostia eguna zela eta, irudi hori erakutsiz Googlen.
15 minutuz hitz egingo dute biek, euskaraz, eta ondoren 5 minutuko tarte bat egongo da galderak egiteko. Hitzaldiak, ekitaldi osoa bezala, streaming bidez eskainiko dira eitb.eus-en.
12ra arte aurkeztu daitezke proiektuak
Astelehen honetan hasi eta azaroaren 12ra arte luzatuko da hautagaitzak bidaltzeko epea. Euskarazko proiektuak, software librea, proiektu sozialak eta ohorezko proiektuak saritzeaz gainera, aurten berrikuntza gisa gastronomia eta turismoa, herritarren parte-hartzea, nekazaritza sektorea, makina erreminten sektorea, berrikuntza, nazioartekotzea, eta enpresa eta merkataritza kategoriak gehitu zaizkio.
Aurkezpenaren ondoren, herritarren botaketa faseari ekingo zaio. Azaroaren 13tik 18ra bitarte eman ahalko dute herritarrek euren botoa, eta Buber Sariak 2014ko kategoria bakoitzeko bost proiektu onenak zeintzuk diren jakinaraziko dute. Epaimahaiak kategoria bakoitzeko hiru proiektu hoberenak baloratuko ditu eta erabaki hori azaroaren 24an ezagutaraziko dituzte.
Buber Sariak ekimena 2000. urtean abiatu zen lehenengoz, eta izena Blas Pedro Uberuagari zor zaio (izen horrekin da ezaguna Interneten), 23 urte besterik ez zituela AEBra joan zen euskal artzainari, hain zuzen ere, hark sortu baitzuen Euskal Herriari zuzenduriko lehenengo webgunea. Haren web orriak urte luzez euskal kulturaren isla izan ziren sarean.