Teknologia -

Dronea

'Robot armiarma' bat sortu dute Araban, leku txikietan sartzeko

Teknologia eta software irekiarekin garatu dutenez, prezioa 400 eurotik beherakoa izango da.

Erle Roboticsen armiarma dronea. Argazkia: Efe
Erle Roboticsen armiarma dronea.
Erle Roboticsen armiarma dronea. Argazkia: Efe

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Erle Robotics enpresa arabarrak, droneen ekoizpenean aditua denak, Espainiako Estatuan ekoiztuko den "lehenengo robot armiarma" aurkeztu du gaur. Leku txikietan sartzeko helburuarekin egin dute, hodi estu edo hondamendiak gertatu diren lekuetarako, adibidez.

"Erle Spider"ek sei hanka ditu, eta hainbat sentsore jartzeko aukera ematen du: ingurugiroaren kontrolerako gailuak, argazki eta bideo kamerak, telekomunikazio transmisoreak, etab.

Robotak erabilpen handia izango du zerbitzu publikoetako, industriako, eraikuntzako, prebentzioko eta osasuneko enpresetan, enpresaren arduradunek jakitera eman dutenez.

"Robot armiarma"ren ezaugarri nagusia tamaina da, oso txikia dela, zapata kaxa bat baino txikiagoa, eta bi kilo eskas pisatzen du.

Erle Roboticsek azpimarratu du bere erabilgarritasuna dela balio erantsia, duen malgutasunari esker (hanka bakoitzak hiru mugimendu maila ditu) inor sartu ezin litekeen lekuetara irits daitekeelako, eta bertan ingurugiroarekin lotutako parametroak neurtu, arriskua zenbaterainokoa den ikusi, adibidez.

Gainera, dispositibo berria teknologia eta software irekiarekin garatu dutenez, prezioa 400 eurotik beherakoa izango da.

Erle-Spider merkaturatzeko, enpresa arabarrak "crowdfunding" kanpaina bat jarri du abian, eskalan ekoizten hasi aurretik aurresalmentan jartzeko.

Indiegogo plataforman jarri dute kanpaina, eta helburua 50.000 dolar biltzea izango da, proiektuaren kostuaren zati bat ordaintzeko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Teknologia EAE albisteak Gaurko titularrak Eguneko albisteak Enpresak Droneak azken ordukoa