Teknologia -

Kontsumoa murrizteko softwarea

Telebistak ere manipulatu omen dituzte eraginkorragoak emateko

Volkswagenen auto trukatuen eskandalua oraindik mahai gainean dagoenean, alarma-hotsa eman dute Europar Batasuneko zenbait herrialdetako buruzagiek.

Artxiboko irudia: www.lasmilrespuestas.blogspot.com
Artxiboko irudia: www.lasmilrespuestas.blogspot.com
Artxiboko irudia: www.lasmilrespuestas.blogspot.com

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Europar Batasuneko (EB) kide batzuek bildu duten informazioa aztertzen ari da Brusela. Izan ere, marka batzuek software adimendunarekin manipulatu omen dituzte euren telebistak, azterketetan energia kontsumoa murrizteko. Horrela, Europako araudia betetzen duten egiaztatzeko probetan, kontsumoa murrizten omen dute.

Nahiz eta “ikerketa ofizialik zabalik ez” izan, susmoak oinarririk duen aztertzen ari da Brusela, Anna-Kaisa Itkonen Europako Batzordearen Energia bozeramailearen esanetan.

Volkswagenen auto trukatuen eskandalua oraindik mahai gainean dagoenean, alarma jo dute diseinu ekologikoaren arauak betetzen diren zaintzeko ardura duten EBko zenbait herrialdetako buruzagiek, The Guardian Erresuma Batuko egunkariak argitaratu zuenez.

Erresuma Batua, Suedia eta laborategi independenteak

Telebisten azterketetan “iruzur egiteko” softwarea erabiltzen zuten zantzuak aurkitu zituela jakinarazi zion Erresuma Batuak Bruselari 2011n, eta antzeko praktiken berri eman zion Suediak urtarrilean.

Laborategi independenteek ere frogak bildu dituzte. CompliantTV izeneko talde batek txosten bat egin du aurten, eta, horren arabera, telebista batzuek “portaera ezberdina zuten neurketetan”. Datu horien aurrean, telebista batzuek “testen prozedura antzeman eta energia kontsumoa egokitu” egiten zuten susmoa kaleratu zuen ikerketak.

Legearen hutsuneak

Legearen hutsuneak ezabatzeko gomendioa eman dute ikertzaileek. Horren harian, azterketak egiten ari zitzaizkienean proba antzemateko mekanismoak telebistetan jartzeko aukera diseinu ekologikoaren araudietan debekatzea eskatu dute.

Egungo legedia ez da batere zehatza, eta interpretazioari tartea uzten dio. Samsung konpainiak “akusazioak” errefusatu ditu dagoeneko. Argitasuna doitzeko dispositiboa “abangoardiako” aplikazio bat dela azaldu du konpainiak, eta ez “trukaje” bat.

Energiaren kontsumoaren araberako sailkapena egiterakoan, produktuaren tokia hobetzen duten mekanismoak erabiltzea praktika onargarria den ala ez da kontua. EBren araudia urratzen zutela planteatu zuen Erresuma Batuak 2011n. Lau urte geroago, erantzunik gabe jarraitzen du.

Batzordeak ikerketaren ondorioen berri emango die estatu kideei, eta “legeak betetzen ez dituzten produktuak merkatutik kentzeko pauso egokiak eskatuko dizkie”, EBko Energia bozeramailearen esanetan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Telebista Euskal Herrian