Teknologia -
Produktu berriak
Microsoftek 'MacBookak baino azkarragoak' diren gailuak aurkeztu ditu
Konpainiak Appleren ordenagailu eramangarriekin lehiatuko diren produktuak iragarri ditu. Era berean, Lumia smarthphone berriak ere aurkeztu dituzte.
agentziak | erredakzioa
Windows 10 sistema eragileak 110 milioi deskarga baino gehiago izan dituela iragarri du Microsoft konpainiak, eta produktu berriak aurkeztu ditu ekitaldi berean: Lumia 950, 950 XL eta 550 telefono adimendun berriak, Band 2, Surface Pro 4, Xboxen berrikuntzak, HoloLens... Horiez gain, Appleren MacBook ordenagailu eramangarriarekin lehiatuko diren Surface berriak aurkeztu ditu.
Windows 10 sistema eragileak 110 milioi deskargatik gora izan ditu, Windows Insiders eta Windows 10 Enterprise kontuan izanda, eta Windows 7 eta 8 bertsioak doan eguneratzeari esker izan dela adierazi dute.
Microsoftek ordenagailu eramangarrietara egin duen jauzia da Surface Book. 13,5 hazbeteko gailua Appleren MacBook Pro baino bi aldiz azkarragoa omen da, eta bateriak 12 ordu iraungo du. Pantaila teklatutik bereizteko aukera ematen du, eta urriaren 26tik aurrera egongo da salgai, 1.499 dolarrean (1.333 euro).
Surface Pro 3 tabletaren oinordekoa. 12,3 hazbeteko PinxelSense pantaila du, 5 milioi pixelekoa.
Surface Pro 4 berriak 1.024 presio puntuko stylus-a du, benetako arkatz baten erabilerara gerturatzeko. Atzealdean zirriborroa du, eta magnetikoki itsasten zaio tabletari. Urriaren 26an jarriko dute salgai, 899 dolarrean (799 euro).
Lumia 950 eta 950 XL
Bestalde, Microsoftek bere indargune nagusi izango diren Lumia 950 eta 950 XL telefono adimendunak ere aurkeztu ditu. 5,2 eta 5,7 hazbeteko pantaila dute, hurrenez hurren, 32 GB-ko barne memoria (microSD bitartez 2 TB-ra handitzeko aukera), eta 20 megapixeleko kamera.
Azaroan jarriko dituzte salgai 549 (488 euro) eta 649 dolarrean (577 euro).
Lumia 550 berria ere aurkeztu dute, 4,7 hazbeteko pantaila duen erdi mailako telefonoa. 8 GB-ko barne memoriarekin, 5 megapixeleko pantaila du, eta abenduan jarriko dute salgai 139 dolarrean (123 euro).
Gabonetan iritsiko da Xbox Oneren eta Windows 10en bateragarritasuna, baina oraindik ez dago data zehatzik. Sistema eragilearekin batera, Xbox 360 bideokontsolaren jokoekin bateragarri izateko eguneraketa ere iritsiko da.
Gainera, Microsoften bideokontsolak Haloren 5. edizioa ekarriko du, eta haririk gabeko aginte berria.
Microsoften errealitate handituko betaurrekoak garatzaileentzat egongo dira eskuragarri 2016an, 3.000 dolarrean (2.669 euro). Bertsio komertziala, ordea, oraindik ez omen dago prest, eta ez omen dute 2017a baino lehenago kaleratuko.