Teknologia -
Visual Line
Begicrossing, trenbide-pasaguneen segurtasuna hobetzeko sistema
Visual Line EAEko startupak ikusmen artifizial adimenduneko sistema bat garatu du, arrisku posibleen antzemate goiztiarraren bidez pasaguneen segurtasuna hobetzeko.
Agentziak | Erredakzioa
Visual Line EAEko startupak Begicrossing, ikusmen artifizial adimenduneko sistema, garatu du, arrisku posibleen antzemate goiztiarraren bidez trenbide-pasaguneen segurtasuna hobetzeko.
Produktuaren salmentarekin, 2016an 10 milioi euro fakturatzea eta hiru urtetan 100 milioi eurotara iristea espero du konpainiak.
Gainera, Basauriko (Bizkaia) Urbi trenbide-pasagunean proba pilotu bat egin du konpainiak. Maiatzetik abuztura bitartean, 506 alarma antzeman zituen sistemak, horietako hamar oso larriak.
Visual Line enpresak Bilbo du egoitza. Konpainia 2013ko amaieran sortu zuten. EAEko inbertitzaileek osatzen duten Famcon XXXI sozietatea (% 45) eta Dominion Taldea (% 55) konpainiaren parte dira.
Lehen produktua
Begicrossing Visual Linek diseinatu duen aurreneko irtenbidea da. Bideo edukien azterketa teknologietan oinarritutako sistema da, trenbide-pasaguneetan arazoak antzeman ahal izateko.
Sistema martxan jartzeko ez dira azpiegituretan kamera gehiago jarri behar. Esaterako, pasaguneko hesiak behean edo mugimenduan daudenean trenbidean geldi dauden pertsonak eta objektuak antzemateko aukera ematen du sistemak.
Ezbeharrak trenbide-pasaguneetan
Europako estatistiken arabera, trenbide-pasaguneetako istripuak tren hildakoen % 29 dira.
Konkretuki, 2010etik 2012ra 60 talka gertatu ziren Espainiako pasaguneetan, 46 ibilgailuen aurka eta 14 oinezkoen kontra. Istripu horiek 23 hildako eta 12 zauritu larri utzi zituzten.