Teknologia -
Sare sozialak
Facebookek hauteskunde britainiarretako parte hartzea areagotuko du
Hauteskunde Komisioak sare sozialeko bisitari bakoitzari bozkatzeko gaitua dagoen galdetuko diotela adierazi du. Bestela, Komisioaren webgunera bidaliko dute eta bertan izen emateko aukera izango du.
Erredakzioa
Britainia Handiko hauteskundeetako arduradunek Facebook erabiliko dute lehen aldiz herritarrak maiatzaren 6eko hauteskundeetan parte hartzera animatzeko. Izan ere, Hauteskunde Komisioak adierazi duenez, azken bi hauteskundeetan parte hartzea minimo historikoetara jaitsi zen.
Horrez gain, Komisioak sare sozialeko bisitari bakoitzari bozkatzeko gaitua dagoen galdetuko diotela adierazi du. Bestela, Komisioaren webgunera bidaliko dute eta bertan izen emateko aukera izango du.
Gutxienez 3,5 milioi pertsonek ez zuten 2001eko hauteskundeetarako izenik eman eta Komisioak uste du oraindik milioika pertsonek egoera berdinean jarraituko dutela.
Gazteak dira Facebookeko ohiko erabiltzaileak, baina betidanik bozkatzera animatzeko zailenak izaten dira. "Izenik eman ez baduzu, ezin duzu botorik eman", esan du Clinton Proud Hauteskunde Komisioaren kanpainaren zuzendariak.
Herritarrek apirilaren 20a baino lehen izen eman behar dute.