Teknologia -
Kin One eta Kin Two
Microsoft konpainia gazteentzako telefonian murgildu da
Kin One eta Kin Two mugikorrek ukipen-pantaila, teklatu fisikoa eta wi-fi konexioa dute, eta telefonoak Interneteko sare sozialetara sartzeko erabiltzen dituzten nerabeentzako diseinatu dituzte.
Erredakzioa
Kin One eta Kin Two izeneko bi telefono mugikor merkaturatuko ditu Microsoft erraldoi informatikoak. Telefonoak Interneteko sare sozialetara sartzeko erabiltzen ohi dituzten nerabeentzako eta gazteentzako diseinatu dituzte.
Kazetari eta aditu talde txiki baten aurrean egindako ekitaldian, San Franciscon (Kalifornia, AEB), telefono berriak erakutsi ditu gaur Microsoft konpainiak. Japoniako Shrap enpresak egin ditu mugikorrak eta Version Wireless operadorearekin soilik funtzionatuko dute AEBetan.
Nahiz eta tresnak Microsoftek zuzenean ez produzitu, diseinuan parte hartu du eta logotipoa telefonoen karkasan agertuko da.
Maiatzean salgai, AEBetan
Kin One eta Kin Two maiatzean online hasiko dira saltzen AEBetan eta gutxi geroago dendetara helduko dira. Espainian, Italian, Britainia Handian eta Alemanian udazkenean hasiko dira saltzen, eta Vodafone operadorearekin funtzionatuko dute herrialde horietan. Salneurririk ez du jakinarazi konpainiak.
Bi mugikorrek ukipen-pantaila, teklatu fisikoa eta wi-fi konexioa dute, baina ez dute online aplikazioak lortzeko dendetara sarbiderik eskaintzen, iPhonek edo Droidek bai, ostera.
Telefono berri hauetako erabiltzaileek sare sozialetan argazkiak, musika edo bideoak partekatu ahal izango dituzte, edukiak atzamar batekin ikono berezi baterantz eramanez soilik.