Teknologia -

Hitzarmena

'Euskampus' jaio da, ikerketa eta prestakuntza zentro berria

Donostia International Physics Center ikerketa zentroak, Euskal Herriko Unibertsitateak eta Tecnaliak hitzarmena sinatu dute gaur goizean.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Donostia International Physics Center ikerketa zentroak, Euskal Herriko Unibertsitateak eta Tecnaliak hitzarmena sinatu dute gaur goizean, elkarlanean ''Euskampus'' egitasmoa bultzatzeko. Nazioartean garrantzia izan nahi duen ikerketa eta prestakuntza gune baten proiektua da ''Euskampus'', beti ere Unibertsitatea ardatz hartuta.

Iñaki Goirizelaia EHUko errektorea, Pedro Miguel Etxenike DIPCeko presidentea eta Joseba Jauregizar Tecnaliako zuzendari orokorra izan dira gaurko sinaduran.

Gizarte ongizateari begira, Euskampusek ikerketa egingo du. Helburua, gizarteak lehenbailehen ikerketa horren emaitzak jasotzea.

Proiektua Hezkuntza Ministerioaren Nazioarteko Bikaintasun Campusaren labela lortzeko deialdira aurkeztuko dute orain. Label horrek, hainbat diru laguntza eta, batez ere, nazioarteko erreferente bihurtzea ekarriko luke egitasmoarentzat.

Hiru esparrutan egingo dute lan: Gero eta zaharragoa den gizartean bizi-kalitatea hobetzen, garapen iraunkorrean eta klima aldaketaren aurrean energiak bideratzen. Helburua, gizarteari hobekuntzak eskaintzea litzateke, azaldu dutenez.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea