Teknologia -
Ekimen berria
Euskarazko lehenengo kalkulagailu zientifikoa aurkeztu dute
ClassWiz kalkulagailuak bereizmen handiko pantaila du, eta, aurreko modeloekin alderatuta, matematiken munduan sakontzeko aukera ematen dio erabiltzaileari.
Agentziak | Erredakzioa
Eusko Jaurlaritzak eta Casio multinazionalak euskaraz lan egiteko aukera eskaintzen duen lehenengo kalkulagailu zientifikoa aurkeztu dute astelehen honetan.
ClassWiz kalkulagailuak bereizmen handiko pantaila du. Halaber, datu estatistiko gehiagorekin lan egin dezake, eta, aurreko modeloekin alderatzen badugu, matematiken munduan sakontzeko aukera ematen duela esan daiteke.
Patxi Baztarrikak, Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Politikarako sailburuordeak, adierazi duenez, “IKTak ezinbesteko teknologiak dira”. Alde horretatik, euskaraz “bai edo bai” jakin behar dutela esan du, “bestela, bigarren mailara eta menpekotasunera kondenatuko litzatekeelako hizkuntza hori”.
Bestalde, Begoña Garamendik, Hezkuntza Berriztatzeko zuzendariak adierazi duenez, hezkuntzaren alorrean euskararen erabilera normalizatzeko ahaleginetan aurrerapausoa izan daiteke.
Esan beharra dago euskara interneten erabiltzen diren munduko hizkuntzen %5en artean dagoela.
Casiok, multinazional japoniarrak, 59 urte bete berri ditu merkatuan.