Teknologia -
Nonick 2010
Zaryn Dentzel: "Tuentik sare sozial lokaleena izan nahi du"
"Egunerokotasunera eraman behar den globaltasunak badu Internetek", adierazi du sare sozial honen sortzailek. Pribatutasunaren eta erabiltzaileen edukien gaineko kontrolaren aldeko apustua egin du.
Tais san José
Tuenti sare sozialeko sortzaile gaztea Zaryn Dentzelen eskutik etorri zaigu Nonick 2010 topagunearen amaiera. "Gonbidapenaren bitarteko komunitate pribatua eta itxia da Tuenti", azaldu du, "profila duten 8 milioi erabiltzaileak hasierako laguneetatik datoz".
Pribatutasunaren garrantzia azpimarratu du Dentzelek, "sare sozial batek interesa irabaziko du, segurtasunari lehentasuna ematen badio". Gainera, bere enpresaren erronka garrantzitsuenetarikoa da "erabiltzaile bakoitzak bere profilak eta horren informazioaren kontrola izatea".
Honen ondorioz, Tuentiko profilak ez daude Google bilatzailean indexatuta. Dentzelen aburuz, konpainiaren helburua ez da "handiena izatea baizik eta interes handienena izatea". "Internet globala da", adierazi du, "baina erabiltzailearen egunerokotasunera eraman behar dugu". "Tuentik sare sozial lokaleena izan nahi du", nabarmendu du.
Etorkizunera begira, "enpresa primeran doa". Finantza krisiaren ondorioak ez ditu Dentzelek bere negozioan nabaritu, "irabazien gorakada hilabete honetan iazko hilabete berean baino %500ekoa izan da".
"Real time eta aplikazioak telefono mugikorretan integratzearen alde" agertu da Estatu mailan trafikorik handiena duen Interneteko orrialdearen sortzailea. Izan ere, produktu berriak sortu dituzte azken hilabeetan eta horren harira, Tuenti Sitio izeneko aplikazio berria aurkeztu dute. Erabiltzaileek beraiek igotako edukiez osatutako lekuen deskribapenak biltzeko balioko du erabilera berritzaile honek.
Startup 2.0 lehiaketaren irabazleak
Nonick 2010 topaguneari amaiera eman aurretik, Startup 2.0 europar lehiaketaren irabazleen izenak ezagutzera eman dute. Networkingen inguruko bost finalisten artean, Submate proiektuak eskuratu du botoen gehiegoa (%29a), lehiaketa irabaziz. Bigarren postua Minuberentzat izan da, botoen %25arekin.