Teknologia -
Pribatutasun arazoak
Facebookeko erabiltzaileen % 60ek harpidetza uztea pentsatu dute
Sophos etxeak egindako ikerketa baten arabera, inkestan parte hartu dutenen % 16ek Facebook erabiltzeari utzi dio sare sozialak egiten duen datu pribatuen erabilera eskasagatik.
Erredazkioa
Merkatuen ikerketan espezializatutako Sophos etxeak egin duen azken azterketaren arabera, Facebookeko erabiltzaileen % 60ek harpidetza uztea pentsatu du sare sozialaren pribatutasunaren konfigurazioak kezkatu egiten dituelako.
Ikerketaren emaitzek Facebookeko erabiltzaileen bi herenek sare soziala gehiago ez erabiltzea pentsatu duela adierazi dute. Horrez gain, inkestan parte hartu dutenen % 16ek Facebookek haien datu pribatuekin egiten duen erabilera dela eta, sare sozialeko kontua utzi dutela onartu dute.
Erabiltzaileen datuak beste webgune batzuekin partekatzeak kritikak eragin ditu eta ingurugiro horretan iritsi dira Sophosek egindako ikerketaren emaitzak. Inkesta egin duen etxearen ustez, ez dirudi erabiltzaile kopuru handi batek Facebooketik alde egingo duenik, baina sare sozialeko kideak geroz eta interesatuagoak daude beraien datuen erabilerarekin.
Horrez gain, "Facebookeko kontua nola ezabatu" ("cómo eliminar la cuenta de Facebook") Googleko bilaketarik errepikatuenetako bat bilakatu da. Gainera, "Quit Facebook Day" izeneko kanpainak bezalako ekimenak sortu dira.
Guztira, 1860 pertsonek parte hartu dute inkestan. Sophosek estatistiketatik ezabatu zituen Facebookeko erabiltzaileak ez zirela onartu zuten 272 pertsona, baina, bestalde, pribatutasunak arduratzen zituelako Facebook erabiltzeari utzi zioten 254 sartu zituen.