Teknologia -
Sare sozialak
Yahook Facebookeko aktualizazioak hartuko ditu
Munduan gehien erabiltzen diren bi webguneen arteko zubia egin nahi duten erabiltzaileei Facebookeko aktualizazio pertsonalak gehitzeko aukera eskainiko die Yahook bere bezeroei.
Erredakzioa
Aste honetan Yahook egingo dituen aldaketen artean dago Facebook sare sozialeko eguneratze pertsonalak webgunera inportatzeko aukera. Hori egiteko aukera izango dute bi webguneen arteko zubia sortu nahi duten bezeroek. Erabiltzaile bakoitzak aktibatu beharko du Facebookekin lotura.
Aktualizazio pertsonalak, Facebooken "news feed" bezala ezagunak, Yahoo webguneko atal guztietan izango ditu eskura erabiltzaileak, baita orrialde nagusian eta helbide elektronikoan ere. Beste erreminta batzuekin erabiltzaileek Facebookeko beraien lagunek Yahoon zerbait egiten ari diren jakiteko aukera izango dute.
Esteka gehigarriek Yahook joan den urteko amaiera aldera jakitera eman zituen hainbat berrikuntzetako bat da. Aldaketen helburua webgunea erakargarriagoa izatea da. Facebookekin lotura Yahook bere sarea gune sozial bat bilakatzeko lehen pausua da.
Yahook oraindik mundu osoan 600 milioi jarraitzailerekin audientzia menderatzen duen arren, jendeak geroz eta denbora gutxiago igarotzen du webgunean. Arrazoietako bat Interneteko erabiltzaileek argazkiak, bideoak edota musika partekatzeko Facebooken geroz eta denbora gehiago izaten direla da.