Teknologia -
Azken belaunaldia
Steve Jobsek iPhone berria aurkeztu lezake gaur
iPhone 4G gailu berria Appleren Munduko Garatzaileen Konferentziako protagonista izan liteke. Ekimena gaur San Franciscon hasiko da.
Erredakzioa
Applek iPad ordenagailua kaleratu zuenetik antolatu duen lehen Munduko Garatzaileen Konferentzia hasiko du gaur San Franciscon. Ekimenean, Steve Jobs kontseilari delegatuak iPhoneren azken belaunaldia aurkeztea espero dute adituek.
Konpainiak ez ditu konferentzian jakitera emango dituen berrikuntzak argitu, baina azken edizioetan Applek iPhone 3G aparatua (2008ko ekainean) eta urtebete beranduago iPhone3GS gailua aurkezteko aprobetxatu zuen. Hortaz, aurten ere gauza bera gertatzea espero dute. Gainera, azken aparatuaren prezioak behera egin du eta, badirudi, berriei lekua egiteko orain artekoak agortzeko asmoa dutela.
Erabiltzaileek telefono berriaren itsura ezagutzen dute, izan ere, Appleko langile batek gailu bat taberna batean ahaztu ostean, irudiak Internetera iritsi ziren.
Adituek, bestalde, laugarren bertsioak aurrealdeko kamera (Skype bidezko bideokonferentziak egin ahal izateko) edo bateriak gaitasun gehiago izatea espero dute. Horrez gain, erabiltzaileen eskarien ostean, Applek, ziur asko, funtzio aniztasuna gehitu dio aparatu berriari.
iPhone berria aurkezteaz gain, adituek Jobsek Sareko musika sarbidearen zerbitzuari buruzko beste nobedade batzuk aurkeztu ditzakeela uste dute.