Teknologia -
Sare sozialak
Erabiltzaileak ez daude Facebookekin gustura
Interneteko zerbitzuei buruz duten iritzia jaso duen inkesta batean, erabiltzaileek sate sozialari 100etik 64 puntu besterik ez dizkiote eman.
Erredakzioa
Facebookek 500 milioi erabiltzaile bildu dituela jakinaraziko du gaur. ABC Newsen eskainiko duen elkarrizketa batean adieraziko du Mark Zuckerberg Facebooken sortzaileak. Hala ere, ziur asko ez du Facebookeko kideak diren erabiltzaileen gogobetetasunari buruz ezer esango, izan ere, ikerketa estatubatuar batean, 100etik 64 puntu besterik ez diote eman sare sozialari.
AEBetako webgunerik ospetsuena izan arren, erabiltzaile kopuru zabal bat ez dago gustura Facebookekin, hori da behintzat American Customer Satisfaction Index 2010 (ACSI) ikerketak adierazi duena. 100etik 64 puntu besterik ez diote eman Facebooki inkestan parte hartu duten erabiltzaileek eta puntuazio horrek sektore berdineko gainontzeko enpresak baino % 5 azpitik utzi du erabiltzaileen gogobetetasuna.
Horrela, erabiltzaileek Facebookekin duten gogobetetasuna aireliniekin eta kable konpainiekin dutenaren parekoa da.
Arazoa, batez ere, pribatutasunean, webguneak maiz jasaten dituen aldaketetan eta publizitatean oinarritzen da adituen ustez.
Google, bilatzaileen artean nagusi
Googlek, berriz, bilatzaileen industrian lehenengoa izaten jarraitzen du 80 punturekin. Hala ere, gertu ditu Bing (77), Yahoo! (76) eta AOL (74).