Teknologia -
Multibox aretoa
Bilbao Tech Weeken azken jardunaldiak marketin digitala ardatz izan du
Juan de la Herranek, Juan de la Herran & Asociados agentziako fundatzaileak, “arauak haustera eta gauzak berriz asmatzera” deitu ditu bertaratutakoak.
E. L. | eitb.eus
Bilbao Tech Weeken bigarren edizioa bukatu da. Azken jardunaldiak marketin digitala ardatz izan du. Marka bezeroengana heltzeko estrategia mota ezberdinak jorratu dituzte hizlariek, antolatzaileek agiri batean azaldu dutenez.
EiTBren egoitzako Multibox aretoak laugarren eta azken jardunaldia hartu du. Hamar bat adituk aholkuak eman eta edozein enpresatan marketin digital estrategia bat aurrera eramateko tresna erabilgarriak erakutsi dituzte.
Lehenengo hitzaldiak 'growth hacking'a izan du hizpide. Juan de la Herranek, Juan de la Herran & Asociados agentziako fundatzaileak, “arauak haustera eta gauzak berriz asmatzera” deitu ditu bertaratutakoak.
Ruben Molina Ve enpresako Digital Consultantek marketin kanpaina bat egiteko orduan aurrera eraman daitezkeen estrategia ezberdinak zerrendatu ditu.
Bestalde, Miren Elosegui Hispavistako Business Developmentak marketin programatikoa azaldu du. Eloseguiren ahotan, garrantzitsuena “mezu egokiena, erabiltzaile garrantzitsuenari, unerik aproposenean eta aurkitzen den kanalean erakustea da”.
Iñaki Garcia LIN3S konpainiako marketin zuzendariak publizitate kanpaina baten errentagarritasuna bezero bati demostratzeko bideak azaldu ditu.
Azkenik, Miriam Pelaez PickASO enpresako CMO & Co-Founderra eta Daniel Peris konpainia bereko CEO & Co-Founderra app marketinaren inguruan mintzatu dira.
Bilbao Tech Weeken bigarren edizioari Morten Pedersen Tonnesen Ve Globaleko CEOak eman dio amaiera. Ve Global ekitaldiaren bultzatzaile nagusia da.