Teknologia -
Segurtasuna Sarean
Interneten iruzurra saihesteko hilero pasahitza aldatu behar da
Adituen ustez, erabiltzaileak Interneteko gaizkileetatik babesteko informazio gehiago izango balute iruzur horietako asko ekidingo lirateke.
Erredakzioa
Hilean behin, datu pertsonalak gordetzen dituzten Interneteko kontuetako pasahitzak aldatzea eta asmatzeko errazak direnak ekiditea, "123456" adibidez, gomendatu dute adituek Sareko gaizkileen biktima ez izateko.
Horrela adierazi du Jose Carrillo Informatika doktoreak eta Madrileko Unibertsitate Politeknikoko irakasleak. Adituak esan du aldaketa hori maiz egitea ez dela batere erosoa; izan ere, leku askotan gogoratzeko zailak diren hamalau digituetako pasahitzak eskatzen dituzte. Hala ere, "pasahitz hori apuntatu dugun papera lapurtzea lau karakteretako gako bat asmatzea baino zailagoa da", Carrilloren esanetan.
Carrillok adierazi du herritarrek Interneteko gaizkileetatik babesteko informazio gehiago izango balute iruzur horietako asko ekidingo liratekeela. Horrez gain, iruzur horri aurre egiteko enpresek ere euren sistemetako segurtasuna hobetu beharko luketela esan du.
Adituak azaldu du mugikorrera mezuak bidaltzen funtzionatzen duten segurtasun sistemak erabiltzean kontuz ibili behar dela, Interneteko gaizkileentzat informazioa eskuratzeko bide aproposa baita.
Interneten azaltzen diren leihotxo batzuekin ere kontu handia izatea eskatu du Carrillok. Adibide horien artean, banketxe batek zure kontuko daturen bat behar duela edo 27.000 erabiltzaileetatik sariaren irabazlea zarela esaten dutenak aipatu ditu. Kasu horietan, erabiltzailea "phishing" edo "pharming" fenomenoaren biktima izan daitekeela azaldu du adituak.