Teknologia -
Internet
Posta elektroniko zerbitzua martxan jarri du Facebook sare sozialak
Zerbitzua "e-maila" ez dela errepikatu du Zuckerbergek, beste zerbitzu batzuk uztartzen dituen hurrengo belaunaldi bat baizik, "informalagoa, pertsonalagoa, sinpleagoa, laburragoa eta minimalistagoa".
Erredakzioa
Posta elektroniko zerbitzu propioa martxan jarri du Facebook sare sozialak. Web 2.0 Summit kongresuan aurkeztu dute Facebookmail berria, San Franciscon (AEB). Mark Zuckerberg sare sozialeko sortzaileak baieztatu du albistea.
Sare sozialeko erabiltzaile kopuru handia ikusita posta elektronikoak indar handiarekin abiatuko da. Erabiltzaileek e-mailak bidali ahal izango dituzte @facebook.com helbidearekin.
Agerraldian, zerbitzu berria "e-maila ez" dela errepikatu du Zuckerbergek, beste zerbitzu batzuk uztartzen dituen hurrengo belaunaldi bat baizik, "informalagoa, pertsonalagoa, sinpleagoa, laburragoa eta minimalistagoa".
Aplikazio berri honekin "lagunekin" elkarrizketak izateko aukera izango dute erabiltzaileek, SMS, chat edo "e-mailaren" bidez. Zerbitzua datozen hilabeteetan erabilgarri egongo da. "Hau ez da e-mail ''killer'' bat", adierazi du Facebookeko sortzaileak.
Baikortasuna
Zuckerberg eta lankideak baikor agertu dira, eta "jendearekin harremanetan jartzeko hamar digituak erabiltzeari laster utziko" diogula esan dute. "Lagunak izenaren bidez aukeratu eta elkarrizketa berehala hasiko dugu", erantsi dute.
Jendea posta elektronikoaren bidez harremanetan izango da, Facebooken egon ala ez.
Datuak sarean kudeatzeko gaitasun handiena Microsoft eta Google konpainiek dute egun. Orain Facebook sartu da jokoan, 500 milioi erabiltzaile dituela. Horregatik, posta elektronikoko erregeek kezkatzeko arrazoiak dituzte.