Teknologia -
Googleren nobedadeak
Gmailek mezuak erantzuten lagundu, eta iraungitze-data jartzen utziko dizu
Googlek bere mezularitza zerbitzuan egindako nobedadeak aurkeztu ditu.
agentziak | erredakzioa
Googlek Gmailen diseinu berria aurkeztu du, eta hainbat nobedade ditu: “modu konfidentziala” sortu du, adimen artifiziala duten aplikazioak eratu ditu eta G Suiteren zerbitzuekin uztartu egin du. Funtzio berriekin lan egiten hasteko, mezu zerbitzuaren ezarpenetan “Gmail berria probatu” aukeratu behar da.
Nobedadeen artean, Googlek modu konfidentziala sortu du Gmailen. Horrela, G Suiteren ordainpeko bertsioa duten erabiltzaileek inguru “seguruago eta eraginkor batean” lan egin ahalko dute. Enpresak bere blog ofizialean adierazi duenez, segurtasun ezarpen berriak mezu elektronikoaren edukia babestea ahalbidetzen du, iraungitze-datak jarrita eta bidalitako mezuak bertan behera utzita.
Era berean, norberaren datuak babestuta egon daitezke hartzailearen kontua bahituta egon arren. Izan ere, modu konfidentzialak egiaztapena eskatzeko aukera ematen du testu mezu baten bitartez. Hala, Googleren arabera, isilpeko informazioa hartzaile okerrekin partekatzeko arriskua murriztu egiten da. Modu konfidentziala aste batzuk barru egongo da erabilgarri.
Googlek adimen artifizialeko aplikazioak garatu ditu Gmail kontua kudeatzeko, Nudging izenekoa esaterako, mezuak gogorarazteko eta erantzuten laguntzeko.
Adimen artifizialean oinarritutako zenbait funtzio berri izango ditu: erantzun adimendunak, arriskutsuak izan daitezkeen mezuen alertak, mezu bat atzeratzeko aukera eta zerbitzu batean harpidedun izateari uztekoa.