Teknologia -

Babesletza kanpaina

Euskaltubek bizi nahi du

Bideoak partekatzeko euskarazko plataformak finantzaketa bilatzeko babesletza kanpaina abiatu du; izan ere, joan den abuztuan, abuztuan, arazo ekonomikoak bitarteko, bertan behera geratu zen.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskaltube.com webguneak ezin izan ditu hiru urte martxan bete. Bideoak partekatzeko euskarazko lehenengo plataformaren arduradunek adierazi dutenez, "ostalaritza zerbitzua asko garestitu da, publizitate bitartezko finantzaketa saiakerak ez du nahi bezala funtzionatu eta Interneteko aldaketak abiadura bizian gertatzen dira, eta ezinezkoa egin zaigu abiadura horren pareko garapen teknikoa mantentzea".

Hori dela eta, Euskaltube.com-en atariak bizi duen egoeraren berri eman dute eta babesletza kanpaina bat iragarri dute. Gainera, datozen asteetan hainbat eragilerekin bilduko dira bideragarritasuna aztertzeko. "Webgunearen funtzionamendu egokia, sistemaren eta edukien mantentzea eta, azken finean, egitasmoaren etorkizuna bermatzeko, finantzaketa sistema egonkor bat behar du Euskaltube.com-ek", azaldu dute.

Webgunearen kudeatzaileek, beraz, egitasmoari beste dimentsio bat emateko garai dela uste dute eta Interneten euskaraz lan egiten duten enpresa, entitate eta erakundeen babes ekonomikoa eskatu dute.

Hala ere, dirua alde batera utzita, Euskaltube.com-ekoek atarian jarri duten mezua hedatzera gonbidatu dituzte erabiltzaileak. " Mezu hau zeure sare sozialetan, blogetan edo ahoz-aho zabaltzen baduzu, asko lagunduko gaituzu. Erabili #bizirik etiketa edo hashtag-a", adierazi dute.

2007an sortu zenetik, 6.000 bideo inguru igo dituzte sarera eta plataformak milaka bisitari izan eta milioika orrialde zerbitzatu ditu. "Gutxinaka euskarazko internetgintzako erreferente bilakatu da eta hiru urte hauetan 100 GB ostatatu ditu. Alegia, nagusiki euskaraz dauden 100 GB bideo egon dira Euskaltube.com gunean ikusgai", argitu dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea