Teknologia -
Zibersegurtasuna
Euskadi izango da buru Europako lankidetza publiko-pribatuan, zibersegurtasunean
Euskadiko Zibersegurtasun Zentroaren zuzendaria den Javier Dieguez aukeratu du Europako Zibersegurtasun Erakundeak Lankidetza Batzordeko Europako eskualdeen ordezkari izateko.
EITB.EUS
Europako Zibersegurtasun Erakundeak (ECSO) Javier Dieguez (Euskadiko Zibersegurtasun Zentroa / Basque Cybersecurity Centre – BCSCko zuzendaria) aukeratu du Lankidetza Batzordeko (Partnership Board) Europako eskualdeen ordezkari izateko. Batzorde hori ECSOren eta Europako Batzordearen arteko komunikazio-kanal formala da eta bertan eztabaidatzen da zibersegurtasun arloko proiektuei buruzko lan-programa. Hala, "Euskadik bere posizioa sendotu du Europako erreferente izateko zibersegurtasun arloan", BSCSk azaldu duenez.
Horixe da, haren hitzetan, Eusko Jaurlaritzak SPRI Taldearen bitartez 2017ko urrian sortutako BCSCren bidez lortu nahi duen helburuetako bat: "Euskadi nazioarteko erreferente izatea zibersegurtasun-teknologiak fabrikazio aurreratuko industriari aplikatzeko orduan".
Euskadiko Zibersegurtasun Zentroa ECSO sareko eskubide osoko kide da aurtengo urtarriletik. ECSO Europako zibersegurtasun-sare handiena da, zeinetara biltzen baitira zibersegurtasun arloko administrazio publikoak, enpresak, ikerketa zentroak, elkarteak, eskualdeak eta askotariko organismoak.
Lankidetza Batzorde Publiko-pribatua (Partnership Board) da ECSOren eta Europako Batzordearen arteko komunikazio-kanal formala. Bertan eztabaidatuko da Horizontea 2020 ekimenaren barruan garatuko diren zibersegurtasun arloko proiektuen lan-programa eta I+G+B programa orokorrarekin erlazionatutako gaien inplementazioa eta, gainera, jarraipena egingo zaie lankidetza publiko-pribatuko konpromisoei.
Batzorde horren bitartez "elkarrizketa ireki bat" sortzen da ECSOko kideen artean, Europako Batzordearekin adostutako kontratuan aurreikusitako helburuak lortzeko.
Azaldu duenez, BCSC "buru-belarri" aritu da lanean sei hilabete hauetan, balio ekarpenak eginez Inbertsio, Hezkuntza eta Eskualde arloetako lantaldeetan. Hala, ECSOk uste du "Euskadik lidergoa har dezakeela eta Partnership Board batzordeko Eskualdeen ordezkari izan daitekeela".