Itxi

Teknologia

Pirata informatikoak

Facebook sare sozialeko 50 milioi konturi eragin die eraso batek

Agentziak | Erredakzioa

Hackerrek informazio pribatua bereganatu ahal izan dute; izan ere, erabiltzaileak izango balira bezala sartu dira. “Segurtasun arazoa” iragan asteartean antzeman zuten erraldoiaren ingeniariek.

  • Mark Zuckerberg Facebookeko presidentea eta sortzailea. Artxiboko argazkia: EFE

    Mark Zuckerberg Facebookeko presidentea eta sortzailea. Artxiboko argazkia: EFE

Pirata informatikoen eraso bat jasan duela onartu du gaur Facebookek. Antza denez, erasoak sare sozialeko 50 milioi konturi eragin die. Gainera, hackerrek informazio pribatua bereganatu ahal izan dute; izan ere, erabiltzaileak izango balira bezala sartu dira kontuetan.

“Segurtasun arazoa” iragan asteartean antzeman zuten ingeniariek, sare sozialetako erraldoiak agiri batean esan duenez. Konpainiak gaia “oso serio” hartu du, baina ikerketa hasierako fasean dago oraindik.

Facebooken hitzetan, plataformako kodean “ahultasun” bat aprobetxatu zuten pirata informatikoek. Horrek “Nola ikusi” moduari eragin zion. Tresna horrekin erabiltzaileak profila beste norbait balitz bezala ikus dezake.

Horrela, informazioa bereganatu ahal izan zuten, eta hirugarrenek erabili, kontuetan sartzeko. Hala ere, hackerrak hori egitera heldu ote ziren oraindik ez daki enpresak.

 

Zuckerberg: "Gaia oso serio hartu dugu"

 

“Gaia oso serio hartu dugu eta mundu osoari gertatutakoaren berri eman nahi genion, eta pertsonen segurtasuna babesteko berehala hartu ditugun neurriak jakinarazi”, adierazi du Mark Zuckerberg Facebookeko presidenteak prentsaurreko telefonikoan.

Erasoari aurre egiteko neurrien artean, konpainiak kaltetutako kontu guztiak berehala deskonektatu zituen; konkretuki, erabiltzailearen izena eta pasahitza sartu beharrik gabe Facebookera konektatzeko aukera aktibo zuten kontu guztiak.

Hau da, mugikorreko aplikaziotik edo ordenagailutik sare sozialera zuzenean sartzen ziren erabiltzaileak eta sarbide pasahitzak sarean zuzenean gordeta zituztenak berriz konektatzeko eskuz sartu beharko dira.

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena