Teknologia -
Pirateria
Baimen judizialik gabe webguneak itxi ahal izateko erreforma onartu du Kongresuak
Webguneak ixteko erabakia SINDE batzordearen esku utziko du aldaketak, hau da, organo exekutibo batek izango du ardura, eta ez judizial batek.
Agentziak | Erredakzioa
Jabetza Intelektualeko Legearen erreforma aho batez onartu du gaur Diputatuen Kongresuko Kultura Batzordeak. Pirateriaren kontrako neurriak jasotzen ditu erreformak, besteak beste, baimen judizialik gabe webguneak ixteko aukera, edo eskubide kudeaketa erakundeen kontrol handiagoa eta telebistako 'Gurpila' bezalako praktikak eragoztea.
Testua Senatura helduko da orain. PPk, PSOEk eta Ciudadanosek adostutako aldaketa 195. artikuluan dago: “Zerbitzu emailearen aurkako neurriak ez du Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzio Legeko 122 bis artikuluan jasotako baimen judizialik beharko”.
Webguneak ixteko erabakia Jabetza Intelektualeko Batzordearen Bigarren Sekzioaren, SINDE batzordearen, esku utziko du aldaketak, hau da, organo exekutibo batek izango du ardura, ez judizial batek. Angeles Gonzalez Sinde Zapateroren Gobernu sozialistako ministroak eman dio izena batzorde horri.
PPk, PSOEk eta Ciudadanosek beste dozena bat zuzenketa Unidos Podemosekin adostu eta testuan barneratu dituzte.
Horrela, jabetza intelektualeko erabiltzaileen (irratiak eta telebistak) eta kudeaketa erakundeen (SGAE, AIE edo AGEDI) artean tarifak negoziatzeko orduan izan daitezkeen desadostasunak arautu dituzte.
Kasu horietan guztietan, erabiltzaileek adostutako azken tarifaren % 100 ordaindu beharko dute edo, aurreko akordiorik ez balego, % 50, lege berriaren arabera.