Teknologia -
Internet
World Wide Web: zer da eta nola funtzionatzen du
World Wide Webaren 30. urteurrenean, ikusgai den Interneteko partearen funtzionamendua eta horren sorrerak ekarri zituen aldaketak azaldu ditugu.
eitb.eus
World Wide Webaren 30. urteurrena da gaur, Tim Bernes-Leek webaren oinarriak jasotzen zituen iruzkin bat aurkeztu baitzuen gaur hiru hamarkada.
World Wide Weba ez da Interneten sinonimoa, baizik eta horren parte bat. Iñaki Regidor EiTBko Sistema zuzendariak azaldu duenez, Internet sareen elkarrekiko lotura da; World Wide Weba, ordea, “Interneten alderik ikusgaiena edo ospe handiena” duena da.
Internet osatzen duten zerbitzuen artean, World Wide Webak erakusleihoaren funtzioa betetzen du. Euskal talde multimediaren Sistema arduradunaren esanetan, “egiten duguna erakusteko bide bat da”.
Nola funtzionatzen du?
Regidorren arabera, World Wide Webak informazioa elkartrukatzeko protokoloa du oinarri, HTML kodearen bidez -informatika lengoaia unibertsala-, eta horretan hainbat erabiltzailek parte hartzen dute: zerbitzari batean zenbait webgune ikusgai jartzen dituzten pertsonak zein nabigatzaile bat (Google Chrome, Safari, Internet Explorer eta Mozilla Firefox, esaterako) erabiltzen dutenak.
Hortaz, oinarria “nabigatzaileek interpretatzen duten lengoaia bat” dela zehaztu du Regidorrek. Izan ere, nabigatzaileak etiketa multzo horiek irakurtzen ditu, hots, zerbitzari bakoitzean sartzen den lengoaia, erabiltzaileak informazio hori pantailan ikus dezan.
Mugikorreko aplikazioen etorria
Regidorren ustez, sakelako telefonoen aplikazioak eta mugikorretara egokituta dauden webguneak “guztiz osagarriak” dira: “batak ez du bestea hil”. Telebistak irratia, eta irratiak egunkariak hil ez duen bezala, mugikorreko aplikazioek webguneak hil ez dituztela azpimarratu du.
Bestalde, aplikazioek funtzionalitate zehatz batzuk World Wide Webak baino hobeto betetzen dituztela aipatu du. GPS bidezko geolokalizazioa, adibidez, zehatzagoa da mugikorreko aplikazioetan.