Teknologia -

Bideo-jokoak

Microsoftek Project Scarlett aurkeztu du, 2020an iritsiko den kontsola

Informatika munduko multinazionalak iragarri duenez, kontsola berria Xbox One X baino “lau aldiz” ahaltsuagoa eta 8K bereizmenarekin bateragarria izango da.

'Halo Infinite' bideo-jokoa Project Scarletten aurkezpenean. Argazkia: EFE
'Halo Infinite' bideo-jokoa Project Scarletten aurkezpenean
'Halo Infinite' bideo-jokoa Project Scarletten aurkezpenean. Argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Microsoftek E3 2019 azokan iragarri duenez, kontsola berria Project Scarlett deituko da eta 2020ko Gabonetan iritsiko da dendetara.

Phil Spencer Microsoften bideo-jokoen alorreko arduradun nagusiaren hitzetan, Project Scarlett Ameriketako Estatu Batuetako konpainiak diseinatu duen “kontsolarik ahaltsuena” eta “errendimendurik handienekoa” izango da.

Multinazionalak E3 azokan egin du iragarpena, aipatu arduradunak Los Angelesko Microsoft Theatre antzokian egindako hitzaldian. Bideo-jokoen munduko azokarik garrantzitsuena dena asteartetik ostegunera bitartean egingo da Kaliforniako hiri horretako Konbentzioen Zentroan.

Microsofteko kontsolen belaunaldi berria ‘Halo’ bideo-jokoaren bertsio berri batekin kaleratuko dute. Project Scarletten datu gutxi batzuk soilik eman badituzte ere, kontsola berria Xbox One X baino “lau aldiz” ahaltsuagoa eta 8K bereizmenarekin bateragarria izango dela aurreratu dute bertan.

Aurreikuspenen arabera, Project Scarlett Sony prestatzen ari den beste jaurtiketa batekin lehiatuko da: PlayStation 4aren ondorengoarekin.

Kontsola berriaz gain, Microsoften aurkezpeneko protagonistak ‘Halo Infinite’, ‘Cyberpunk 2077’, ‘Gears 5’ eta ‘Elden Ring’ jokoak izan dira.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Teknologia Eguneko albisteak Albisteak Microsoft Online jokoak berriak