Teknologia -

Euskalduna Jauregian

Bilbok nazioarteko aditu nagusienak bilduko ditu Internet egunean

Bilbao Web Summit goi-bilerak sir Tim Berners-Lee World Wide Webaren sortzailea izango du hizlari. Eitb.com-ek zuzenean emango ditu hitzaldiak.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bilbao Web Summit Interneti eta teknologia berriei buruzko goi-bilerak nazioarteko aditu handienak bilduko ditu gaur, Internet egunean, eta bihar Euskalduna Jauregian. Besteak beste, sir Tim Berners-Lee World Wide Webaren sortzaileak parte hartuko du goi-bileran eta sari bat jasoko du.

Berners-Leek, webaz gain, "html" hizkuntza eta "http" protokoloa asmatu zituen eta goi-bileran parte hartzen dutenek bere hitzaldia entzuteko aukera izango dute.

Saio horretan parte hartuko du, era berean, Chris Shipley Silicon Valleyko eragin handieneko emakumetzat jotzen denak ere. Silicon Valley San Frantziskon (AEB) dago eta teknologia berrien eta berrikuntzen alorrean sona handiena duten enpresak daude bertan.

Goi-bileran on-line bankuak, administrazio elektronikoa, telemedikuntza, hezkuntza digitala, hedabide digitalak eta Interneteko merkataritza gaiak jorratuko dituzte, besteak beste, eta azken egunean ondorioekin txosten bat egingo dute eta horrekin Sarean izango diren joeren ibilbide orria ezarriko dutela espero dute.

Anboto euskal enpresak antolatu du goi-bilera, W3C (World Wide Web Consortium) "webaren gobernu"tzat jotzen denak lagunduta. Bilboko Udalak, Eusko Jaurlaritzak eta Zientzien eta Berrikuntza Ministerioak ere lagundu dute.

Cristina Garmendia Zientzia eta Berrikuntza ministroa eta Patxi Lopez lehendakaria izango dira hain zuzen ere Bilbao Web Summiten irekiera ofiziala egingo dutenak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea