Teknologia -
Bideo-jokoen festibala
Fun&Serious festibalak El Rubius eta Fortniterako bi mapa esklusibo izango ditu
Bederatzigarren aldiz egingo dute jaialdia, BECen, abenduaren 6tik 8ra bitartean.
Agentziak | Erredakzioa
Fun&Serious bideo-jokoen Bilboko festibalak El Rubius youtuber ospetsua izango du aurten bere Grand Prix Solidarioaren barnean. Abenduaren 6tik 8ra bitartean egingo dute festibala, bederatzigarren aldiz, Bilbao Exhibition Centren (BEC), eta, halaber, Fortnite jokorako bi mapa esklusibo izango ditu; hain zuzen ere, mapa horiek jaialdia egingo duten BECeko pabiloia simulatuko dute.
Festibalak bi helburu ditu: alde batetik, bideo-jokoa arte "oso" bezala hartzea, eta bestetik, horren sorreran parte hartzen duten eragile eta aktore guztiak saritzea.
Fortnitek 100 postu izango ditu berriro ere bere gunean jokatzeko. Bertan, Ivan Peter youtuberrak hartuko du parte, bai eta Iskariotek ere; azken hori bideo-jokoaren mapen sortzaileetako bat da, eta, hain zuzen, festibal honetarako egindako bi esklusiboak ere berak egin ditu.
Grand Prix Solidarioan, iaz bildutako diru-kopurua handitzen saiatuko dira (80.000 euro bildu zituzten 2018an Save The Children erakunde humanitarioarentzat). Aurten, Ibai Llanos esatari profesionalak aurkeztuko du, eta Willyrex youtuberrak eta Carlos Ocelotek lagunduko diote; azken hori eSportseko lehiakide ohia da, eta, egun, alor horretan egiten du lan, enpresari gisa.
Titanium sarien gala, Campos Eliseos Antzokian
Titanium sarien gala ere egingo dute festibalaren barruan; azken lau urteotan, Bilboko Guggenheim Museoan egin izan dute gala hori, baina aurten, berriro ere, Bizkaiko hiriburuko Campos Eliseos Antzokian egingo dute (lehen urtean ere bertan egin zuten). Aurtengo galak antzerki-forma nabarmenagoa izango du.
Gala horretan, lehen aldiz, lau ohorezko sari emango dituzte (aurreko urteotan, hiru golardo eman izan dituzte), eta bideo-jokoen sektorean lanean ari diren lau profesional nabarmenduko dituzte bertan: Yoko Shimomura musikagile japoniarra, Bruce Straley "The last of Us"eko eta "Uncharted" sagako sortzailea, Greg Street Riot Gameseko presidenteordea eta Tim Willits Sber Entertainmenteko exekutiboa.
VIT Talks izenarekin ezagutzen diren topaketa eta mahai-inguruetan, aukera izango dute euren lanari buruz hausnarketa egin eta jarraitzaileen galderei erantzuteko. Bilkura horietan, sektoreko beste profesional batzuk ere izango dira, Roger Clark eta Sam Barlow, kasu; Clark bideo-jokoen interpretazioaz mintzatuko da, eta Barlow, aldiz, narratiba interaktiboaz.
Suedia, gonbidatutako herrialdea
Urtero, sektorean erreferentea den herrialde bat gonbidatzen dute Fun&Serious jaialdira, eta Suedia hartuko dute aurten. Besteak beste, "Candy Crush" eta "Minecraft" sortu dituzte bertan, eta, Gobernuaren pizgarriei eta formakuntzaren aldeko apustuari esker, iaz bi mila milioi euro baino gehiago fakturatu zituzten, Alfonso Martinez Cearra Suediak Bilbon duen kontsulak zehaztu duenez.
Industria honek 20.000 lanpostu sortu ditu EAEn, 6.000 enpresaren bidez, Javier Garcinuño Bilbao Ekintzaren zuzendari nagusiak esandakoaren arabera.
"Benetako lotura dago, eta gero eta handiagoa da industria sektorearekin, eta horixe da Euskadin ere garatu nahi duguna", nabarmendu du Aitor Gobanera Spain Taldeko teknologia eta berrikuntzako zuzendariak. Gobaneraren iritziz, errealitate areagotua edo alegiazko errealitatea (bideo-jokoetan erabiltzen dituzte) gero eta gehiago ari dira txertatzen enpresen prestakuntza eta simulazio-prozesuetan.