Teknologia -
Lehenengo campusa, Europan
Zierbenako DigiPen institutuak ateak irekiko ditu gaur
Ikasleak bideojokoen diseinuan eta programazioan, simulazioan eta animazioan espezializatuko dira.
Erredakzioa
DigiPen Institute of Technology Europe-Bilbao Zierbenako instalazio berrien ateak irekiko ditu gaur. DigiPenen Europako lehen campusa da, eta bertan ikasiko duten ingeniari eta artista berriak bideojokoen disenuan eta programazioan, simulazioan eta animazioan espezializatuko dira.
Zierbenako lehengo Cabot enpresa zegoen tokian dago institutua. Bideojokoekin zerikusia duten enpresak instalatzeko gunea izatea bermatu nahi dute.
Berrogeita hamar bat ikaslek egin dute matrikula, eta erdiak Ameriketako Estatu Batuetan egin dute lehenengo ikasturtea. Bigarren ikasturte honetan, hiru solairu dituen eraikina estreinatuko dute. Ikasgelak, laborategiak, liburutegia, jangela eta mota guztietako teknologia-ekipamendua ditu, ikasleak arrakasta izango duten bideojokoen etorkizuneko sortzaileetan bihurtzeko.
Karrera hau egin ahal izateko, selektibitatea gaindituta izan behar da eta matematika, fisika, marrazkia, informatika eta ingelesean jakintza izatea beharrezkoa da. Lau urteko karrera bat da, eta ofizialki onartuta dago Ameriketako Estatu Batuetan.
DigiPen Bilbao proiektuak Bilboko Merkataritza Ganberaren, Denokinn berrikuntza-gizartearen, eta DigiPenen laguntza dauka. AEBetako entitateak Seattlen, Alaskan, Pittsburgen eta Singapurren ditu antzeko institutuak.