Teknologia -
Aurkezpena
iPhone 5 ala iPhone 4S? Applek smartphone berria aurkeztuko du gaur
Zurrumurruek iPhone 5 berria aurkeztuko dutela zioten, baina Vodafonek baieztatu egin du iPhone 4S existitzen dela. Beraz, bietako zein aurkeztuko dute gaur?
Erredakzioa
Apple konpainiak iPhone berria aurkeztuko du gaur arratsaldean (Euskadiko ordua). Nolanahi ere, ez dago argi smartphone berria iPhone 5 edo iPhone 4S (aurreko gailuaren bertsio merkeagoa) izango den. Ofizialki, enpresak ez du ezer zehaztu.
Orain arte, bazirudien iPhone 5 aurkeztuko zutela, baina Vodafoneren Alemaniako denda birtualak baieztatu egin du iPhone 4S existitu existitzen dela. Beraz, dena airean dago.
Vodafoneren arabera, iPhone 4S zuriz eta beltzez jarriko dute salgai, eta 16, 32 eta 64 Gb-eko bertsioak merkaturatuko dituzte, hots, iPad bezala.
Aurkezpen ekitaldia 10:00etan (19:00 Euskadin) egingo dute, konpainiak Cupertinon (Kalifornia) duen campusean.
Joan den astean hedabideei igorritako gonbidapenean, "Let's talk iPhone" ("iPhone hizpide har dezagun") baino ez zen zehazten. iPhone 5i edo iPhone 4Sri buruzko aipamenik ez.
Adituek uste dute gailu berriaren pantaila handiagoa izango dela, pisua arinagoa izango dela eta meheagoa izango dela. Bideokamera 8 megapixelekoa izango da, eta iPad 2ren prozesadore berdina izango du.
Arratsaldeko aurkezpena Tim Cook Appleren buru berriaren lehen ekitaldi handia izango da, abuztuan Steve Jobsek kargua utzi zuenetik. Dena dela, baliteke Jobs agertzea, bideo batean bederen.