Teknologia -

BILBO

Libreconek pandemiako erronkei aurre egiteko irtenbide teknologikoak jorratuko ditu

Kongresua online egingo dute, eta telelanean, hezkuntzan, zibersegurtasunean, industrian eta Administrazio Publikoan sortutako erronkei heltzeko asmoz, lan egiteko modu berriak ezagutaraziko ditu.

Librecon 2020ko kartela. Argazkia: Librecon
Librecon 2020ko kartela.
Librecon 2020ko kartela. Argazkia: Librecon

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Librecon teknologia irekien sektoreko nazioarteko ekitaldia gaur (azaroak 11) egingo da modu birtualean. Pandemiaren egoerara egokituta, ELSEk eta ASOLIFek antolatutako ekitaldia streaming bidez emango da Euskalduna Jauregitik, irekian, eta librecon.io webgunean izena ematea nahikoa da zuzenean jarraitu ahal izateko.

Jardunaldian egungo egoeran digitalizazio-prozesuak bizkortzeak duen garrantzia azpimarratuko dute, eta teknologiek gizartearen erronkei aurre egiteko eskaintzen dituzten aukerak erakutsiko dituzte. IKT Informazio eta Komunikazio Teknologien sektoreari, industriari, arlo akademikoari, kluster profesionalei eta Administrazio Publikoko arduradun eta teknikariei zuzenduta dago.

Aurtengo edizioak 5 gai nagusi jorratuko ditu: telelana, urrutiko hezkuntza eta online hezkuntza; zibersegurtasuna; 4.0 industria, eta Administrazio Publikoaren erronkak eraldaketa digitalean.

COVID-19ak sorrarazitako egoeraren ondorioz, enpresen eta horien negozio-ereduen digitalizazio-prozesua are premiazkoagoa da. ESLEko presidente Eneko Astigarragak azaldu duenez, teknologia berriak "aukerarik onena" dira egoera honetan sortzen diren erronkei erantzuteko; izan ere, "berritzeko gaitasuna dute ingurune digital hobea sortzeko, tokiko ekonomiak sortu eta sustatu ditzakete, urrutiko lana dute oinarri, beste teknologia batzuk baino lehiakorragoak dira eta ezarpen-kostu txikiagoa dute".

Pandemian agerian gelditu da zein garrantzitsua den sektore estrategikoetan, hala nola teknologian, industria propioaren jabe izatea; "teknologia irekiek sustatu egiten dituzte tokiko ekonomiak eta herrialderako aberastasuna sortzea". Biltzarrean kasu praktikoei helduko diete eta Open Source teknologiak erakutsiko dituzte; izan ere, lehen bezala orain ere, COVID-19aren garaian, oso erabilgarriak dira.

Bilboko Udaleko Herritarren Arreta eta Partaidetza eta Nazioarteko Gaietako zinegotzi eta BilboTIKeko presidente Oihane Agirregoitiak egungo erronkei aurre egiteko eraldaketa digitalak duen garrantzia azpimarratu du. Agirregoitiaren arabera, susperraldi ekonomikoaren eta enpleguaren sorreraren erronkei aurre egiteko, zerbitzu publikoak eta gizarte-kohesioa bermatuz, "eraldaketa digitala sustraitu behar dugu gure jarduketa guztietan zentzuz, modu jasangarrian eta pertsona guztiak errespetatuz, egunez egun aldatuz doazen beharrak kontuan hartuta".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Teknologia Bilbo Bizkaia Euskal Autonomia Erkidegoa Sare sozialak Euskalduna Jauregia Eguneko albisteak Albisteak Koronabirusa